Bilatzailea :
Menura itzuli
21 Mai 2019
Energia Klusterrak, ELBE proiektuan bazkide duen con Offshore Västekin batera, Suediako itsas-energia berriztagarrien sektoreko giltzarrizko erakundeetarako bisitak eta enpresa hauekiko zein beste parte-hartzaile batzuekiko B2B bilerak tarteko zituen jardunaldia antolatu zuen maiatzaren 21ean. Göteborg hirian egindako ekitaldian, ELBE proiektuari atxikitako Europako herrialdeetako (Suedia, Eskozia, Danimarka eta Belgika) 50 erakundek baino gehiagok parte hartu zuten, jardunaldia areago aberastu zuten euskal erakundeekin eta Norvegiako erakundeekin batera.
Aberdeenen eta Belgikan antolatutakoen ondorengo ELBE proiektuko hirugarren eta azken jardunaldi honetan, proiektuaren lehenengo faseari bukaera eman eta ELBE eremuko europar enpresen arteko harremanak indartu dira. Topaketa honetan, lau euskal erakundek parte hartu zuten: BIMEP, DITREL, EVE eta ZUNIBAL. Guztira, itsas-energia berriztagarrien garapenarekin lotuta dauden 30 europar erakunderekin baino gehiagorekin hitz egiteko aukera izan zuten.
Jardunaldiaren hasieran, bisitak antolatu ziren korronte-energiaren bihurgailuak garatzen dituen Minesto enpresara eta ROVak eta itsaspeko analisi-sistemak ekoizten dituen MMT konpainiara. Bisita horietan, bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten Suediako itsas-energien balio-katearen bi errealitate desberdin, baita erakunde bakoitzean agertuz joan diren erronkak ere.
Aurkezpen-jardunaldia zenbait multzotan banatuta antolatu zen, eta horietako bakoitzean, aurkezpen interesgarriak eta itsas-energien sektoreari buruzko ikuspegi desberdinak azaldu ziren. Jardunaldiaren hasieran, ABBk offshore sektore eolikoari buruz duen ikuspegia eta munta handiko proiektuetan bildutako esperientzia partekatu zituen, sektore elektrikoak proiektu horietan duen parte-hartzeari buruzko ikuspegia taxutuz. Jarraian, lehenengo aurkezpen-multzoaren barruan, itsas-egituretan aplikatzen diren materialak izan zituzten hizpide: Hydro Extrusions enpresak aluminioari buruz hitz egin zuen eta SSABek altzairuaren onurak nabarmendu zituen. Bigarren multzoan, itsas-energia berriztagarrien garapena aztertzeaz gain, DNV GL-k bereziki eoliko flotagarriaren arloan egindako azterlanak aurkeztu zituen eta Sigma Energy & Marine konpainiak horniketa-katea eta lankidetza indartuz itsas-energia berriztagarrien komertzializazioa bideratzeko moduari buruzko ikuspegia azaldu zuen. Hirugarren multzoan, diseinuaren eta fabrikazioaren arloetako alderdirik teknikoenak aztertu ziren energia eoliko flotagarriaren arloko SeaTwirl eta itsas-korronteen energiako Minesto enpresa ekintzaileen eskutik. Aurkezpen-erronda ixteko, Innovation Norway-k, erakunde gonbidatu bezala, Norvegiak duen itsas-energia berriztagarrien arloko ikuspegia laburtu eta herrialde eskandinaviarreko kluster politika azaldu zuen.
Jardunaldiaren amaieran, B2B bilerak egin ziren. Guztira, 20 B2B bilera baino gehiago antolatu ziren bertaratutakoen artean.
Biharamunean, kanpoko erakundeentzako bisitak antolatu ziren Suediako itsas-energia berriztagarrien sektoreko SSPA eta RISE puntako laborategietara.
Hitz gakoa
Internazionalizazioa
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com