Bilatzailea :
Menura itzuli
Klima-aldaketaren aurkako borrokaren egungo testuinguruan, EBk 2050erako ekonomia deskarbonizatzeko hartu duen konpromisoa dagoeneko errealitate bihurtu den trantsizio energetiko prozesuaren oinarria da. Prozesu honek energia-sistemaren egitura-aldaketa ekarriko du, baita eredu sozial eta ekonomikoaren gaineko eragin sakonak ere.
Estatu kideek eta hauek osatzen dituzten eskualdeek ikuspegia eta bide-orria zehazteko prozesuari heldu beharko diote datozen urteotan, 2050erako klimaren ikuspegitik neutroa den ekonomia lortu ahal izateko. Ildo horretan, administrazio publikoek deskarbonizazioari lotutako erabaki ugari hartu beharko dituzte, eta hauen ondorioak energia-testuingurutik harantzagokoak izango dira, eta denboran iraunkorrak.
Hortaz, gero eta beharrezkoagoa da energia-sistema eraldatzeko bideak esploratzea, betiere dagokion eremu geografikoaren berezitasunak kontuan hartuta (egitura ekonomikoa, eraikuntza-parkea, mugikortasuna, klima, baliabide naturalak, etab.), gizartearen ikuspegitik bidezkoa izango den trantsizioa bermatzeko eta modu jasangarrian eta industria-sarea modernizatzen laguntzeko eran gauzatuko dela segurtatzeko. Hala ere, tresna zehatzen gabezia handia antzeman daiteke eskualde zein toki mailan, balizko estrategia eta politiken hedapenak eragindako ondorioen ebaluazioa gidatzeko.
Energia-plangintza egiteko tresna komertzialak dauden arren, deskarbonizaziorako bide-orri eraginkor eta integral bat definitzeko, nahitaezkoa da ebidentzia zientifikoan oinarritu eta hainbat analisi uztartuko dituen ebaluazio holistikoa egitea (alderdi teknikoak, kostuei buruzkoak, ingurumenekoak, inpaktu sozioekonomikoak, etab. kontuan hartuz), ingurumen, gizarte zein ekonomiaren gaineko inpaktu zuzenak, zeharkakoak eta eragindakoak bildu ahal izateko. Ez dago ebaluazio hori bakarka egin dezakeen berariazko tresnarik, eta ondorioz, hainbat eredu integratu behar dira sistemaren ikuspegi osoa lortzeko. Alabaina, integrazio hori ez da oraindik behar bezala garatu planteatutako arazo eta irismenari erantzun ahal izateko.
Industria da Europako Batzordeak deskarbonizazio zailekotzat jo duen giltzarrizko sektore ekonomiko bat. Euskadin gai honek are garrantzi handiagoa du, industria-sektoreak euskal ekonomian duen pisua kontuan hartuz. Gainera, industria-sare horren energia-intentsitate handiaren eraginez, Euskadi industria arloko hotspot intentsiboa bihurtu da berotegi-efektuko gasen isurpenei dagokienez.
Industriaren deskarbonizazioak dakarren erronkari aurre egiteko, funtsezkoa da sektorearen karakterizazio desagregatua egitea, karbono gutxiko ekonomiarako trantsizio bide desberdinei dagozkien estrategiarik onenak definitzeko, betiere teknologiaren, inbertsioen zein negozio-ereduen ikuspegitik eta ekonomia zirkularrean oinarrituta.
Ekonomia zirkularraren ikuspegia ez da normalean agertzen energia arloko analisi prospektiboetan, balizko trantsizio bide ezbedinen jasangarritasunaren azterketari dagokionez. Alabaina, produktuen jatorri jasangarria gero eta gehiago baloratzen den egungo merkatuan, ekonomia zirkularraren eta Bizi Zikloaren Azterketaren (BZA) ikuspegiak txertatzeak balio bereizgarri gehigarria emango lieke erabakiak hartzen laguntzeko tresnei.
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com