Bilatzailea :
Menura itzuli
17 Mai 2023
Maiatzaren 9tik 11ra bitartean, eoliko flotagarriaren arloko Europako ekitaldi nagusia antolatu zen Nantesen (Frantzia): Floating Offshore Wind Turbines (FOWT) 2023 kongresua. Energia Klusterrak misio bat antolatu zuen hazkunde betean sartuta dagoen sektore honi lotutako hemeretzi euskal erakunderekin. Oraingoan ere, begi-bistan geratu da euskal enpresak sektorearen alde egiten ari diren apustu sendoa. Teknologia flotagarriko proiektuak garatzeko gaitasuna dutela erakutsi dute, ez bakarrik plataforma flotagarrien arloko 5 enpresen presentziarekin, baita sektoreko proiektuetan modu aktiboan inplikatuta dagoen balio-kate osoaren parte-hartzearekin ere.
Europako sektore eoliko flotagarria hazkunde eta garapen beteko une zirraragarrian dago. Hedatzen ari den teknologia honek energia-industriaren eta Europako gobernuen arreta erakarri du, bere potentzial handiagatik. Azken urteotan, nabarmen handitu dira Europan gobernuen inbertsioak eta laguntzak energia eoliko flotagarriaren arloko proiektuetarako. Hainbat herrialdek, Espainia, Portugal, Frantzia, Norvegia eta Eskozia tarteko, asmo handiko helburuak ezarri dituzte energia berriztagarriari dagokionez, eta aintzakotzat hartu dute energia eoliko flotagarriak energia-sistema jasangarriago baten aldeko trantsizioan izango duen funtsezko eginkizuna.
Puntu honetan, eoliko flotagarriaren arloko ekitaldi nagusia gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da, urtero sektoreko 1.300 aditu baino gehiago bilduz. Honen irismena maximizatzeko asmoz, kongresua hiru zatitan banatu da: sektore eoliko flotagarriari buruzko hitzaldi espezifikoak, teknikoak nahiz erregulazioari buruzkoak, stand txikiek osatutako erakusketa-gunea sustapen komertzialagoa errazteko, eta B2B bileretarako eremua, harreman indibidualagoa eta zuzenagoa sustatzeko.
Oraingoan, Energia Klusterrak sektore eoliko flotagarrian espezializatutako hemeretzi euskal erakunderekin batera parte hartu zuen: BiMEP, BOSCH REXROTH, DITREL, ESTEYCO, EVE, GRI, IDOM, INALIA, ISATI, LIFTRA, MONDRAGON UNIBERTSITATEA, NAUTILUS FLOATING SOLUTIONS, NAVACEL, NERVION NAVAL OFFSHORE, SAITEC OFFSHORE TECHNOLOGIES, SENER, SLINGSINTT, TECNALIA eta VICINAY. Ekitaldira joateko bidaia antolatzeaz gain, EKEk, aurreko edizioetan bezalaxe, stand bat jarri zuen euskal erakundeen eta sektoreko nazioarteko enpresen arteko topaketa errazteko eta sektore eoliko flotagarriari atxikitako euskal erakundeen sarearen inpaktua areagotzeko. Horrez gain, “Floating Wind Basque Country” marka sustatu zuen, euskal industriak sektore eoliko flotagarrian duen garrantzia eta sektorearen etorkizuneko proiektu garrantzitsuei ekiteko gaitasunak nabarmenduz. Edizio honetan, SAITEC eta HIVE WIND enpresek stand propioa antolatu zuen, sektorean duten posizionamendua sendotzeko asmoz.
Bestalde, berrikuntza, prestakuntza, nazioartekotze zein networking esparruetan offshore sektoreko enpresa txiki eta ertainei cascade funding formatuaren bidez laguntzea xede duen ELBE EUROCLUSTER proiektuak erabateko protagonismoa lortu zuen. Kongresuan, offshore sektore eolikoan garrantzi handia duten IBERDROLA, QAIR eta SEATWIRL enpresek, berrikuntza arloko erronkak aurkeztu zizkieten Europako ETEei, datozen hilabeteetan erronka horiei erantzuten laguntzeko aukera eskainiz. Horretarako, 60.000 € arteko dirulaguntza izango dute proiektu bakoitzeko.
Gainera, FLOAT&M HAZITEK proiektuaren partzuergoak Aholku Batzordearekiko bilera egin zuen inguru egoki honetan, proiektuaren azken emaitzak kontseiluko kideei, Siemens Gamesari eta Iberdrolari aurkezteko asmoz.
Kongresuaren azken egunean, bertaratutakoek hainbat bisita tekniko egiteko aukera izan zuten. Horien artean, itsas zabaleko SEM-REV proba-zentroa bisitatu ahal izan zuten, energia eoliko flotagarria eta itsasoko energia berriztagarriak ardatz dituen OPEN-C Foundationen instalazioetako bat. Euskal ordezkaritzako zenbait kidek egun eremu horretan instalatuta dagoen FLOATGEN aerosorgailu flotagarria ikusteko aukera izan zuten, Saint Nazairen kokatutako itsas-parke eolikoa bisitatzeaz gain.
Misioak eta EKEk zein bazkidetutako enpresa eta erakundeek ekitaldian izandako parte-hartzeak oso emaitza positiboa izan zuten bertaratutako euskal enpresentzat eta sektore eoliko flotagarriaren balio-katearentzat nazioarteko ikusgarritasunari dagokionez.
Jarduera hauek Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu ditu, Nazioarteko Partzuergoak Sustatzeko 2022ko programaren barruan.
Hitz gakoa
Internazionalizazioa
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com