Bilatzailea :
Menura itzuli
13 Mar 2025
Teknologia
Martxoaren 7an, ostirala, Industria Deskarbonizatzeko Foroaren beste topaketa bat egin zen BECen, SPRIk koordinatuta eta Energia Klusterraren buru den DCARTECH Klusterren Aliantzak antolatuta. Topaketan, Europako Batzordeak argitaratu berri duen "Clean Industrial Deal" delakoak euskal industriarentzat izan dezakeen eragina eta balizko onurak aztertu ziren. Horretarako, Q-Cero Aliantzaren laguntza izan zuen. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu den Mikel Jauregik itxi zuen bilera, 86 enpresa eta erakundetako 140 ordezkari baino gehiago bildu zituena.
Sailburuak bere hitzaldian nabarmendu zuenez, industriaren deskarbonizazioak erronka ugari baditu ere, euskal industria-sareari garapen teknologikorako aukera berriak eskaintzen dizkio. Halaber, aurreratu zuen Euskadiko Industria Plan berria, gaur egun garatzen ari dena, Europako Batzordearen "Clean Industrial Deal" delakoarekin lerrokatuta egongo dela. Horren helburua industriaren lehiakortasuna indartzea eta neutraltasun klimatikorako trantsizioa azkartzea da.
Jardunaldiaren hasieran, Cristina Oyónek, SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendariondoko orokorrak, Net Zero Basque Industrial SuperCluster (NZBISC) ekimenaren egoera aurkeztu zituen. Ekimen horren helburua euskal industriaren deskarbonizazioa bizkortzea da eta, aldi berean, Euskadin garapen teknologikorako aukerak sustatzea. Bere azalpenean, Cristinak orain arte egindako aurrerapenak errepasatu zituen eta 2025. urterako espero ziren emaitzak aurkeztu zituen.
Ondoren, Jose Luis Elejaldek, TECNALIAko Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Hiritarreko zuzendariak, Q-Cero Aliantza aurkeztu zuen, eta NZBISCk aliantza horrekin kolaboratzen du. IBERDROLAk bultzatuta, Q-CEROk 90 erakunde baino gehiago biltzen ditu Espainian eskari termikoaren deskarbonizazioa sustatzeko helburuarekin.
Ondoren, Batzordeak berriki aurkeztutako Europako ekimen legegile berriak euskal industriarentzat dituen aukerak aztertu ziren. Bloke hau Ursula Woodburn Bruselako "Hub" Cambridge Institute for Sustainability Leadership (CISL) erakundearen zuzendariaren hitzaldi batekin hasi zen, zeinak "Clean Industrial Deal" delakoaren gako nagusiak eskaini baitzituen bere 6 zutabeen bidez: Access to Affordable Energy, Lead Markets & Industrial Decarbonisation, Financing & Innovation, Circular Economy & Raw Materials, Global Dimension eta Skills & Fair Transition. Gainera, helburuak eraginkortasunez lortzeko eskualdeak inplikatzearen garrantzia azpimarratu zuen, Net-Zero Basque Industrial SuperCluster-en (NZBISC) moduko ekimenen rola balioetsiz.
Alderdi horietan sakontzeko eta “Clean Industrial Deal” delakoaren inplikazioak aztertzeko, Mikel González Eguinok, BC3ko ikertzaileak, mahai-inguru bat moderatu zuen, eta, Ursula Woodburnez gain, hauek ere parte hartu zuten: Gonzalo Sáenz de Miera, IBERDROLAko Klima Aldaketaren eta Aliantzen zuzendaria; Marta Sánchez Álvarez, EYko bazkide eta energia-sektoreko burua; eta Jose Luis Elejalde, TECNALIAko Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Hiritarreko zuzendaria. Solasaldian, funtsezko alderdi batzuk nabarmendu ziren, hala nola industriaren lehiakortasunaren ikuspegia eta norabide horretan neurriak hartzeko premia, bai eta erregulazioa helburu adostuekin lerrokatuta egotea bermatuko duen plan bat garatzeko beharra ere. Era berean, Europako industriak hainbat sektoretan dituen indarguneak ebaluatzearen garrantzia azpimarratu zen, ahaleginak eta inbertsioak modu egokian bideratzeko, eta epe ertain eta luzera azpiegitura elektrikoetan eta gasen azpiegituretan (hidrogenoa, oxigenoa eta CO2) egiten diren inbertsioak planifikatzeko eta aurreratzeko beharra azpimarratu zen.
Kafe-etenaldiaren ondoren, bertaratutakoek networking gune batez gozatzeko aukera izan zuten, eta Marta Sánchez Álvarezek, EYko Energia sektoreko bazkide eta buruak, parte hartu zuen, eta EYk egindako "Un Clean Industrial Deal eficaz y eficiente para Europa" txostena aurkeztu zuen. Ikerketaren emaitzek adierazten dutenez, industriaren deskarbonizazioa eta lehiakortasuna bateragarriak izateaz gain, elkar indartu ere egin dezakete.
Topaketaren azken saioan, José Ignacio Hormaechek, ENERGIA KLUSTERRAREN zuzendari nagusiak, mahai-inguru bat moderatu zuen euskal industriako ordezkariekin, aurre egin behar dien deskarbonizazio-erronkei buruz eta "Clean Industrial Deal" delakotik jaso dezaketen babesari buruz. Hauek parte hartu zuten eztabaidan: Emilio Hidalgo Pérez, SIDENOReko Ingurumeneko arduraduna; Patxi Rodríguez, FAGOR EDERLANeko zuzendari zientifiko-teknologikoa; Asier Ochoa de Eribe, HEIDELBERG MATERIALSeko Deskarbonizazio eta Jasangarritasuneko zuzendaria; Iñaki Sánchez, PAPRESAko Fabrikaren zuzendaria; eta Jose de la Sen Urraza, SENEReko Soluzio Teknologikoen Hub-eko arduraduna.
Mahaian zehar, parte-hartzaileek beren erakundeek aurreikusitako deskarbonizaziorako estrategia eta inbertsioak azaltzeko aukera izan zuten. "Clean Industrial Deal" delakoari dagokionez, industriaren egoeraren diagnostiko ona egiten duela nabarmendu zuten, baina neurriak ezartzeko zehaztasun eta azkartasun handiagoa behar dela adierazi zuten. Era berean, kezkatuta agertu ziren jasangarritasun-data eta -helburuen aldaketek sortzen duten ziurgabetasunagatik, bai eta elektrizitatearen prezio altuek prozesuen elektrifikazio-neurrien lehiakortasunean duten eraginagatik ere.
Hitz gakoa
Kluster aktibitateak
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com