Bilatzailea :
Menura itzuli
25 Urr 2023
Teknologia
Jardunaldia elkarrekin antolatu zuten Iberdrolak eta AFECek (Klimatizaziorako Ekipoen Fabrikatzaileen Elkartea), eta urriaren 24an egin zen Bilboko Iberdrola Dorrean. Bertan, bero-bonbensektorearen hazkundea aurkeztu eta sektoreak partaide dituen industria-sarea eta balio-katea aztertu ziren. Energia Klusterrak jardunaldiko eztabaida-mahaian parte hartu eta ideiak eta proposamenak eskaini zituen industria-prozesuetan bero-bonben teknologiak aplikatzen lagun dezaketen enpresa-proiektuak bultzatzeko.
Foroa Javier Arriola Iberdrolaren Iparraldeko Eskualdeko Zuzendariak, Francisco Perucho AFECeko Presidenteak eta Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuordeak inauguratu zuten, eta haien hitzaldietan bero-ponparen teknologiak trantsizio energetikoaren helburuak lortzeko duen garrantzia nabarmendu zuten.
Jarraian, bero-ponpen sektorearen hazkundeari buruzko hitzaldi-zikloa hasi zen. Marta San Román AFECeko Zuzendariak merkatuaren bilakaerari buruzko ikuspegi orokorra aurkeztu, bero-ponpen industria-sarea osatzen duten segmentuak zehaztu eta balio-kate honen eragiketari dagokion legegintza arloko azken berrikuntzak errepasatu zituen. Samuel Perez Iberdrolako Hidrogeno eta Beroaren arloko arduradunak etxebizitzetako bero-eskaeraren elektrifikazioak duen potentzialean sakondu eta bero-ponparen teknologiaren lehiakortasuna eta onurak aztertu zituen. Bestalde, Asier Maiztegi Tecnaliako Deskarbonizazioaren arloko Negozio Garapeneko zuzendariak bero-ponpak industria-prozesuen beroketan aplikatzeko potentzialari erreparatu zion, 140ºC-tik gorako tenperaturak lortzeko dauden erronka teknologiko nagusiak deskribatuz.
Bertaratuei networking-tarte batez gozatzeko aukera eman zien kafe etenaldiaren ondoren, “Bero-bonben balio-katearen inguruko berrindustrializazioa” mahai-ingurua hasi zen, Maite Ruffo Caloryfrio.com-eko Zuzendariak moderatuta. Bertan, Jon Fernandez Energia Klusterreko Industriaren Deskarbonizaziorako Proiektuen arduradunarekin batera, honako hauek hartu zuten parte: Cristina Oyón, SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko Zuzendariak; Cristóbal Sánchez, Andaluziako Juntako Industria eta Meategietako Idazkari Nagusia; Maialen Oregi, Eraikune Klusterreko Merkatuko Zuzendari eta Proiektuen Arduraduna, eta Francisco Perucho, AFECeko Presidentea.
Solasaldian, hizlariek trantsizio energetikoaren ikuspegitik aztertu zuten bero-bonbak eraikuntzan zein industria-sektorean hedatzeko aukeraren garrantzia, hedapen horretarako dauden oztopo nagusiak deskribatuz, eta horrekin batera, aliantzak finkatzeko premiaz gogoeta egin zuten balio-kateko eragile desberdinen arteko sinergiak kapitalizatzeko, tokiko industria bultzatzeko beharrezko politikei buruz eztabaidatzeaz gain.
Hitzaldietan, Energia Klusterrak bere zortzi Foro Sektorialen bitartez egiten duen dinamizazio-lan handia deskribatu zuen, garapen teknologikorako lankidetza bidezko proiektuak, identifikatu eta partekatutako erronka espezifiko baten inguruko lan-taldeak eta abar abian jartzeko funtsezko mekanismotzat, betiere Klusterraren parte-hartze aktiboaren bidez. Azaldu zuenez, beste foro sektorial eta balio-kate batzuetan hain emaitza onak eman dituen dinamika hori errepikatzea da oraingo helburua, bereziki deskarbonizazioaren arloko teknologien eta soluzioren balio-kateen garapena bultzatzeko abian jartzen ari den INDUSTRIA DESKARBONIZATZEKO FORO SEKTORIAL berriari begira.
Era berean, Energia Klusterrak kontsumorik intentsiboeneko Euskadiko industriak ordezkatzen dituzten elkarteekin (Aclima, AFV, Siderex eta ClusterPapel), deskarbonizazioaren arloan industria-sektore desberdinetako enpresen arteko lankidetza sustatzeko asmoz abiarazi duen “DCARTECH” aliantzaren garrantzia nabarmendu zuen. Aliantza hau SPRI buru eta Iberdrola eta Petronor laguntzaile dituen “NET-ZERO BASQUE INDUSTRIAL SUPERCLUSTER” ekimenarekin koordinatu izanaren garrantzia ere azpimarratu zuen, izan ere DCARTECH aliantzako kide diren bost klusterrek ekimen horretan ere parte hartzen dute.
Azkenik, SPRI-Eusko Jaurlaritzaren Hazitek 2023 Programaren I. Fasean onartu eta II. Faseko ebazpenaren zain dagoen BEROA+ proiektua aipatu zuen, Industria Deskarbonizatzeko Foro Sektorial berritik bultzatu nahi den lankidetza bidezko garapen teknologikorako proiektuaren adibidetzat. Tamoin buru duen proiektu honek 10 enpresa ditu partaide, tenperatura altuko bero-bonbaren eta xurgapen bidezko transformadorearen teknologiak ikertzeko, tenperatura baxuko hondar-korronte termikoen balorizazio industrialerako.
Hitz gakoa
Kluster aktibitateak
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com