Bilatzailea :
Menura itzuli
11 Api 2022
Ekitaldiaren azken egunean egindako Talent Day ekimenaren barruan, Energiaren Kluster Elkarteak (EKE) euskal sektore eolikoaren industria-sarea masterreko, graduko eta goi-mailako prestakuntza-zikloko ikasleengana hurbiltzeko jarduera antolatu zuen. Jardunaldia SPRIk inauguratu zuen, eta enpresen aurkezpenez gain, Wind Energy Basque Country pabiloiko standak ezagutzeko bisita gidatuak egin ziren.
Inaugurazio-saioan, Cristina Oyón SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko Zuzendariak euskal energia-sektoreak trantsizio energetikoari aurre egiteko dituen indarguneak agertu eta energiaren sektoreko enpresetan dagoen emakumeen presentzia murriztua areagotzeko premia nabarmendu zuen, lehiakortasuna bermatzeko funtsezko elementutzat.
Irekiera-ekitaldiaren ondoren, EKEk Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza-fakultateetan nahiz eta Tknikako Energia Nodoaren Lanbide Heziketako ikastetxeetan gonbidatutako 250etik gora ikasleak goiz osoan antolatutako 4 saio-txandatan banatu ziren. Saio bakoitzean, ikasleek Wind Talks for Innovation delakoaren barruan egindako hainbat aurkezpenetan parte hartu zuten, Iberdrola eta Siemens Gamesa enpresa liderren eta Tecnalia eta Ikerlan erreferentziazko zentro teknologikoen eskutik, sektore eolikoak eskaintzen dituen garapen profesionalerako aukera interesgarriak ezagutzeko. Bestalde, EKEk sektorearen etorkizuneko joera eta aurreikuspenen ikuspegi orokorra aurkeztu zien ikasleei, euskal balio-kate garrantzitsua barne.
Jarraian, ikasleek Wind Energy Basque Country pabiloiko standetara bisita gidatua egiteko aukera izan zuten. Bertan, EKEk 50 euskal enpresa erakusketari baino gehiagoren baterako parte-hartzea antolatu du. Standetara egindako bisitetan, Arteche, EVE, Glual, Gureak, Haizea Wind, Idom, Ikerlan, Inalia, Lumiker, Nautilus, Ormazabal, Pcvue, Saitec, Sener, Tecnalia, Xabet eta ZIV enpresek eta erakundeek ezagutzera eman zizkieten ikasleei bakoitzari dagozkion jarduerak, eskaintzen dituzten garapen profesionalerako aukerak eta behar dituzten hautagaien profilak.
Ikasleek oso balorazio positiboa egin zuten jardunaldiaz, eta sektoreko enpresarik garrantzitsuenak bildu zituen azoka osoa bisitatzeko aukera izan zuten.
Hitz gakoa
Trebakuntza
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com