Bilatzailea :
Menura itzuli
Arlo estrategikoak
Ibilgailu elektrikoaren birkarga azkarra, adimenduna, malgua eta kudeagarria
AZKARGA lankidetza teknologikorako ekimena honako enpresa hauek bultzatu dute: Ingeteam (proiektuaren liderra, birkarga-guneen erreferentziazko garatzaile eta fabrikatzailea), EDS (proiektu elektriko berrien xehekako ingeniaritzan trebatutako ETEa), Iberdrola eta Ibil (Estatu mailan liderrak diren karga-kudeatzaileak), ZIV (birkarga elektrikorako elektronika eta komunikazioen arloko erreferentziazko enpresa) eta Energia Klusterra. Ekimen honen bitartez, mugikortasun elektrikoaren hedapena erraztu eta 100-120 kilometroko autonomiarako baterien % 80ko birkarga 20 minututik beherako denboran egitea ahalbidetuko duen birkarga azkarreko soluzio berritzaile bat garatu nahi izan dute.
Proiektua 2014ean abiatu zen 2017ko ekainean amaitzeko asmoz, 4 milioi euroko guztizko aurrekontuarekin eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, industria-ikerketako eta garapen esperimenataleko izaera estrategikoko proiektu integratuak lantzen laguntzea xede duen Etorgai programaren bitartez.
Garatutako produktua balioztatzeko, funtzionalitate guztiak (birkarga, kontrol eta komunikazioetako elektronika eta honen inguruko guztiak) dituzten birkarga azkarreko bi guneren prototipoak instalatu dira benetako bi kokapenetan, bata Iberdrolaren eskutik (Larraskituko egoitzan, Bilbon) eta bestea Ibilen eskutik (Repsolek Megaparken duen gasolindegian, Barakaldon).
AZKARGA helburua beteta iritsi da bidearen amaierara: euskal enpresen teknologiaz garatutako bizkarga azkarreko lehenengo guneak errealitate bat dira dagoeneko, eta euskal industriak ibilgailu elektrikoaren eta birkarga-azpiegituren esparruan duen posizionamendua indartzen lagundu du, izan ere, sektore honek aurrerapauso handiak eman ditu eta hazkunde-aurreikuspen handiak ditu datozen urteotarako.
PROIEKTUAREN AMAIERAKO JARDUERA
Proiektuaren amaierarekin bat eginez eta honen lorpenak eta birkarga azkarraren nazioarteko testuingurua ezagutzera emateko asmoz, partzuergoak “Birkarga azkarra: errealitate bat made in Euskadi” delako topaketa antolatu du ekainaren 21ean Bilboko Euskalduna Jauregian. Irekiera-ekitaldian, Estibaliz Hernaez Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Berrikuntzako Sailburuordeak parte hartu du, eta hizlari gisa, Ibilgailu Elektrikoa Garatu eta Bultzatzeko Enpresa-Elkarteak (AEDIVE), CharIN E.V. Elkarteak, CHAdeMO Elkarteak eta ibilgailu elektrikoaren fabrikatzaile nagusien ordezkaritza batek.
Jardunaldi horretako aurkezpenak esteka honetan eskura daitezke.
EZAUGARRI BEREIZGARRIAK
AZKARGA proiektua ibilgailu elektrikoaren balio-kateko garrantzi handiko eragileen arteko diziplina anitzeko partzuergo osagarri eta trinkoa eratzeko gauza izan da, eta elkarren arteko ahaleginari esker, guztien ekarpen teknologikoak eta komertzialak uztartu dituen produktu integratu baten baterako garapena gauzatu dute, den-dena Euskadin eginda.
PARTZUERGOA
INGETEAM izan da proiektuaren koordinatzailea eta protokolo anitzeko kargagailuaren garapenaren arduraduna, 50 kWeko korronte zuzeneko karga azkarra –CCS eta CHAdeMO estandarren arabera– eta 43kWeko korronte alternoko karga azkarra konbinatuz. Era berean, kontrolaren arkitektura garatu eta birkarga-guneko osagaiak eta azpisistemak integratu ditu.
EDSk ezagutza gaineratu du, garapen elektriko optimoa eta birkarga-soluzioaren instalazio eta abiarazte prozesurik aurreratuena lortzeko.
IBERDROLAk birkarga-gunearen eta karga-kudeatzailearen arteko komunikazio-soluzioa garatu du. Era berean, kontrol-zentroko softwarea garatu eta protokolo berriak ikertu ditu, azpiegitura berriko energia eraginkortasunez kudeatu eta erabiltzaileei zuzendutako tarifikazioa eta ordainketa-moduak birkarga-gunean bertan antolatu ahal izateko.
IBILek birkarga azkarreko sistema balioztatzeari ekin dio, betekizun hau nahitaezkoa baita garatutako teknologia guztiak integratzeko eta ibilgailuen fabrikatzaile nagusiek ezarritako nazioarteko estandarrak eta eskakizunak identifikatzeko, betiere garatutako ekipoak baldintza horiek guztiak bete eta nazioartean merkaturatzeko moduan egon dadin.
ZIVek HMI interfazearen garapena –erabiltzaileak birkarga-gune berriarekin elkarreragiteko duen modua– lideratu du. Era berean, kontrolaren arkitektura antolatzen laguntzeaz gain, birkarga-zutoinak egindako neurketak eta bertan integratutako barruko nahiz kanpoko komunikazio guztiak aztertzeko moduluak garatu ditu.
ENERGIA KLUSTERRAk sektoreaz eta ibilgailu elektrikoaren balio-kateaz duen ezagutza gehitu ditu, eta komunikazio eta zabalkunde arloko jarduerak eta Aholku Batzordearekiko harremanak koordinatu ditu proiektu osoan.
AZKARGAk Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari atxikita dauden TECNALIA eta ZIV I+G-ren laguntza teknologikoa izan du.
AHOLKU BATZORDE TEKNIKOA
AZKARGAk ibilgailu elektrikoen fabrikatzaile nagusien –BMW, Seat/Volkswagen/Audi, Nissan eta Renault– ordezkariek osatutako Aholku Batzorde Tekniko baten laguntza izan du.
Energia Klusterrrak Aholku Batzordeko kideekiko harremanak koordinatu ditu, eta proiektuak aurrera egin ahala, aldizkako bilerak egin ditu haiekin, aurrerapen guztien berri eman eta, aldi berean, birkarga azkarreko sistemen prestazio eta konfigurazioen inguruko hobekuntza, betebehar eta aurreikuspenei buruz egin zitzaketen iradokizunak biltzeko asmoz.
Aholku Batzorde horretan lortu eta partekatutako informazio teknologikoa nahiz merkatuari buruzkoa erabat funtsezkoa izan da sektorearen bilakaera zehaztu eta ibilgailu elektrikoaren eta birkarga-azpiegituren balio-kateko segmentu desberdinetan aplikatu beharreko negozio-ereduak erabakitzeko.
MOTIBAZIOA
Ibilgailu elektrikoa piskanaka-piskanaka zabaldu ahal izateko, behar-beharrezkoa da sarbide publikoko inguruneetan erabiltzaileei ibilgailua bizkor kargatzeko aukera bermatuko dien birkarga azkarreko sare bat egotea. Gainera, horrelako sare bat egoteak ibilgailuaren autonomiatik gorako joan-etorriak egiteko lasaitasuna emango lioke ibilgailu elektrikoaren erabiltzaileari, barne-konbustioko ibilgailu batean bezalatsu egingo lituzkeelako.
Hala ere, orain arte, Espainian eta mundu osoan instalatu diren birkarga-gune gehienak birkarga geldoko guneak izan dira, normalean ibilgailu bakoitzaren aparkaleku partikularrari atxikitakoak, enpresen ibilgailuak izan zein ibilgailu pribatuak izan.
Birkarga azkarreko produktuak konplexutasun teknologiko handikoak izan ohi dira. Potentzia handiko (>50 kW) ekipo hauek saretik datorren korronte alternoa korronte zuzena bihurtu behar dute ibilgailuei zuzenean hornitu ahal izateko, eta horretarako, ibilgailuekiko komunikazioa behar dute. Horrez gain, birkarga-guneek urruneko kontrol-zentro batekin komunikatu eta ordainketa-moduak eskaini behar dizkiete erabiltzaileei. Azkenik, ibilgailu-fabrikatzaileen estrategia desberdinak direla eta, karga azkarreko aukera bat baino gehiago izan behar dute ibilgailu-fabrikatzaileekiko interoperabilitatea bermatu ahal izateko.
Horren guztiaren ondorioz, karga azkarreko gune-sare bat osatzeko, hasierako inbertsio handi-handia behar da, gehi potentzia-termino finkoari dagokion kostua, eta energia-salmenta horretatik lortzen den itzulkina oso-oso murritza da. Praktikan, horrek gutxieneko mailetan mantendu du bizkarga azkarreko guneen instalazioa.
Faktore horien bat-egiteari erreparatuta, beharrezkotzat jo zen soluzio bereizgarria, berritzailea eta kostu lehiakorrekoa ekarriko zuen AZKARGA bezalako proiektu bat definitzea, birkarga azkarreko sare bat zabaldu eta euskal industriak esparru honetan duen posizionamendua indartu ahal izateko.
PROIEKTUAREN EMAITZEI BURUZKO ITXAROPENAK ETA AURREIKUSITAKO INPAKTUA
• Ibilgailu elektrikoen salmenta sustatzea: ibilgailu elektrikoen salmenten bilakaera duela urte batzuk aurreikusten zena baino motelagoa bada ere, ibilgailu-kopurua dexente haziko dela espero da birkarga-sareak eta bereziki birgarga azkarrekoak hedatu ahala. • Mugikortasun jasangarria bultzatzea: birkarga azkarreko estazioen hedapena eta, honi lotuta, ibilgailu elektrikoen eskariaren hazkundea garapen jasangarriaren mesedekoak izango dira eta berotegi-efektuko emisioen murrizketa ekarriko dute, airearen kalitatearen hobekuntza nabarmena eraginez, bereziki hiriguneetan. • Enpresen lehiakortasuna hobetzea: proiektuan lortutako ezagutzari esker, enpresek merkatu-nitxo honetan duten posizionamendua hobetu ahal izan dute, eta honek epe ertain eta luzeko eskari-zorroa handitzea ekarriko du, seguruenik.
PROIEKTUA ZABALTZEKO JARDUERAK
Energia Klusterrak komunikazio eta zabalkunde arloko jarduerak koordinatu ditu proiektu osoan.
Gauzatutako garapenei buruz, bi argitalpen plazaratu dira mugikortasun elektrikoaren esparruarekin lotutako bi aldizkaritan:
• FuturEnergy aldizkariko artikulua, 2015eko iraileko alean argitaratutakoa
Era berean, sektoreko publikoari zuzendutako zabalkunde-ekintzak egin dira, bereziki Euskadiko Mugikortasun Elektrikoaren balio-kateko giltzarrizko eragileak biltzen dituen Energia Klusterreko Ibilgailu Elektrikoari buruzko Lan-Taldearen ingurukoak. Taldearen aldizkako bileretan, AZKARGAko bazkideek proiektuaren ondoz ondoko aurrerapausuak aurkeztu dituzte, eta topaketa horietan, sektoreko fabrikatzaile nagusiek ere parte hartu izan dute merkatuko estrategia ezagutzera ematek. Hauen artekoak ditugu Aholku Batzordeko kideak (BMW, Nissan, Volkswagen-Audi eta Renault) eta autobus elektrikoen fabrikatzaileak (Vectia, Jema-Grupo Irizar eta Volvo).
Proiektuan duen parte-hartzearen barruan, Energia Klusterrak “Ibilgilu elektrikoaren merkatuari eta birkarga-azpiegiturei buruzko azterketa” izenburuko agiria landu eta Ibilgailu Elektrikoari buruzko Lan-Taldeak 2016ko azaroaren 8an Ingeteamen egoitzan egindako bileran aurkeztu zuen. Agiri horren aurkezpen laburra esteka honetan eskura daiteke.
Publiko orokorrari zuzendutako ekintzen artean, partzuergoak “Birkarga azkarra: ibilgailu elektrikoari bultzada berri bat” delako jardunaldia antolatu du ibilgailu elektrikoaren etorkizuneko erronkei buruz. Topaketa 2015eko ekainaren 23an egin zen Bilboko Iberdrola Dorrean, eta erakundeak, nazioarteko adituak eta automobiltzaren sektoreko marka liderren ordezkariak bildu zituen.
Era berean, AZKARGAk stand propioa izan zuen ABAA8 Biltzarrean (8th Advanced Lithium Batteries for Automobile Applications). Hauxe da ibilgailu elektrikoetarako bateriei buruz antolatzen den mundu osoko topaketarik garrantzitsuena. 2015eko edizioa CIC EnergiGUNEk antolatu zuen eta Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen 2015eko irailaren 30etik urriaren 2ra bitartean.
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com