Bilatzailea :
Menura itzuli
Offshore inguruneetako energia-instalazioetarako osagaien diseinurako, fabrikazio aurreraturako eta baliozkotzerako teknologiak
“Marinizazioaren” erronkak garrantzi handiko ahalegina dakar, eta adituak bat datoz HARSH proiektuaren ardatz funtzionalak osatzen dituzten 3 erronka hauei aurre egiteko premiarekin: • Korrosioaren eta fouling-aren aurka babesteko materialak eta soluzioak:
o gailuen eta osagaien iraupena, ingurunearen muturreko baldintza gogorren aurrean, o funtzionamenduaren eta sorkuntza jarraituaren fidagarritasuna
• Eragiketa eta Mantentze lanak (O&M)
o gailuetarako irisgarritasuna mantentze lan egokiak egiteko, baliabidearen prediktibilitatea eta, ondorioz, sortu beharreko energiaren prediktibilitatea, o operatibitatea ingurunearen muturreko baldintza gogorren aurrean, o atxikitako gailu eta ekipoen instalagarritasuna
• Fabrikazioa kostu lehiakorretan Proiektuaren bizialdi osoan, HARSH-en partzuergoak offshore aplikazio energetikoetan gertatu ohi diren arazo komunak aztertzeari ekingo dio, baita materialen degradazioa, offshore inguruneetako eragiketa eta mantentze lanak eta osagai eta sistema lehiakorren garapena ere, eta azkenik, offshore laborategia (HARSHLAB) diseinatuko du, ondoko irudian zehaztu den bezalaxe.
HARSH proiektuak aipatutako alderdiak barne hartu ditu, betiere produktu berriak garatzeko helburuari jarraiki, hala nola:
o hodiak (risers), o finkapenak, o sistema hidraulikoak, o itsaspeko konektore elektrikoak, o itsaspeko manipulagailuak, o sistema hidraulikoak, o korrosioaren eta fouling-aren aurka babesteko estaldurak, o ainguratze-lineak, o soldadura prozesuak, o logistika arloko simulazio aurreratua egiteko software plataforma, eta o itsas gaineko aktiboetarako sarbidea, eragiketa eta mantentze lanetarako.
Horiek guztiak itsas-inguruneko sektore energetikoan erabiltzeko optimizatuko dira. HARSH proiektuaren partzuergoak puntako teknologia erabiltzen duen offshore energia sektorerako (Oil & Gas eta Berriztagarria) osagai eta soluzioen enpresa ekoizle desberdinak bildu ditu, eta honi esker, kalitate handiagoko zerbitzu bateratu eta koordinatua eskaini ahal izango du, petroliogintzako konpainia handientzat eta parke eolikoetako osagai-fabrikatzaileentzat nahiz operadoreentzat giltzarrizkoak diren elementuen horniketari dagokionez. HARSHLAB: Proiektuaren giltzarrizko beste alderdi bat izango da HARSH LAB laborategiaren garapena (bimep -en etengabe ainguratuta egongo dena). Munduan parekorik ez duen azpiegitura berezi eta bereizgarri honetan, osagai eta azpisistemen esperimentazio eta balioztatze saiakuntzak itsas-ingurune errealean egin ahal izango dira. Erabilera-aniztasun zabala eta era guztietako saiakuntza motak bateratzeko aukera dira azpiegitura honen ezaugarri nagusiak, saiakuntza aktiboak nahiz pasiboak uztartuz eta langileei baldintza ekonomiko apartak eta etorkizun profesional handia eskaintzen dizkien offshore esparruan prestatu eta trebatzeko aukera erraztuz. Gainera, laborategi honi esker, bimep-ek saiakuntza-zerbitzu gehiago eskaini ahal izango ditu, egungo okupazioa hobetuz.
HARSH proiektua 2016. urtean abiatu zen, euskal enpresetan energia arloko negozio-ildoak offshore inguruneetara “marinizatzearen” ondorioz sortu ziren erronkei erantzuteko asmoz. Harez geroztik, proiektuan parte hartzen duten enpresen aurrerapenik garrantzitsuenak lau esparru hauetan gertatu dira:
• Offshore inguruneetarako materialen diseinuaren eta erresistentziaren hobekuntza.
• O&M sistemen optimizazioa.
• Fabrikazio prozesuei dagozkien hobekuntzak.
• HARSHLAB offshore laborategian emandako aurrerapausoak.
Jarraian, zehatz-mehatz ezagutu ahal izango dira nabarmendutako hiru esparru horietan eman diren aurrerapausoak.
OFFSHORE INGURUETARAKO MATERIALEN DISEINUAREN ETA ERRESISTENTZIAREN HOBEKUNTZA
Guztira, zazpi dira materialen diseinua eta erresistentzia hobetzeko lanean diharduten enpresak, offshore inguruneetara ahalik eta ongien egokitu ahal izateko.
VICINAY CADENASek material lehiakorragoak eta gogorragoak garatzen eta hauen propietateak optimizatzeko nahiz bezeroen berariazko eskakizunak betetzeko tratamendu espezifikoetako prozesuak hobetzen dihardu. Bestalde, VICINAY SESTAOk konposizio kimikoak diseinatzeko metodologiaren eta offshore kateetarako aleazio lehiakorragoen garapena du helburu.
TUBACEX riser motako hodiak fabrikatzeko erabil daitezkeen materialek korrosioarekin nahiz korrosio-nekearekin duten portaera ikertzen ari da. Horrez gain, TECNALIA eta ERREKAren lankidetzaz, fabrikatu beharreko riser hodien zerbitzu-baldintza errealetako simulazioak egiten ari da zenbait softwareren laguntzaz. Honela, hodinaren neurriak eta HARSH LAB v.2.0 laborategian kokatzeko modua erabakiko dira.
ERREKAk bere gain hartu du itsas inguruneetan torlojuz lotuta dauden junturen kargaren urrutiko irakurketa (estankotasuna, baterien iraupena eta informazioaren transmisioa) baliozkotzeko ardura.
Bestalde, SASYMAk materialen diseinuan eta prestaketan nahiz offshore inguruneetarako soluzioen ikerketan jardun du. Azala estaltzeko sistemen hautaketa egin du zehaztutako betekizun eta beharretatik abiatuta, eta alde guzti-guztietan aplikatu beharreko geruza-kopurua, produktu/erreferentzia komertzialak eta geruzen lodiera zehaztu ditu. Materialei buruzko ikerketaren arloan, enpresak korrosiotik babesteko soluzioak proposatu eta aztertu ditu, laborategian egindako zahartze azeleratuko saiakuntzen bitartez.
HINEk TECNALIArekin batera lan egin du, laborategiko baldintza kontrolatuetan probatzen ari diren estaldura berriak definitzeko, eta horien emaitzak luze gabe emango dira ezagutzera. Hobetutako estaldura hauei esker, offshore inguruneetako sistema hidraulikoek luzaroago jardun ahal izango dute, eragiketa eta mantentze-lanei dagozkien kostuak murriztuz.
Azkenik, GLUALek sistema hidraulikoetako osagaiak aztertzen dihardu, offshore inguruneetako urperatze nahiz splash (zipriztintze) egoeretara behar bezala egokitu ahal izateko.
O&M SISTEMEN OPTIMIZAZIOA
Halaber, bost enpresak eragiketa eta mantentze-lanetarako sistemen optimizazioan dihardute.
Sistema hidraulikoen urrutiko sentsorizazio eta monitorizazioari dagokionez, NEM Solutionsek, HINErekin batera, sistema hidraulikoen funtzionamenduari dagozkion parametrorik garrantzitsuenak definitu ditu, eta horiei esker, behar bezala funtzionatzen duela egiaztatu eta balizko arazoen urrutiko aurrerapena egin ahal izango da. Bi enpresek monitorizatu beharreko parametroak zehaztu dituzte, baita horien neurketa egiteko behar diren sentsoreak nahiz datuak biltzeko sistemaren arkitektura ere (laginketaren maiztasuna, seinale mota, doitasuna, etab.).
HARSH proiektuaren barruan, VICINAY CADENAS, RFID teknologian oinarritutako osagarrietarako identifikazio-sistemen ezarpenaz arduratu da. Honek osagaiaren diseinua, materiala, fabrikazio-parametroak, trazagarritasuna eta bestelako jakingarriei buruzko informazioa ezagutzeko aukera ematen du irakugailu baten laguntzaz eta osagaiaren bizitza erabilgarri osoan. Bestetik, VICINAY SESTAOk trazagarritasun fisiko osoa egitea ahalbidetuko duten indentifikazio-sistemen garapenean jardun du, lehengaiaren iritsieratik hasi eta azken produkturaino, ekoizpen prozesu osoa barne hartuz eta horri buruzko informazio guztia bilduz.
O&M sistemen optimizaziori dagokionez, ERREKAk riser hodian gerta daitezkeen alterazio mekanikoak detektatzeko sentsorikaren eta kalkulu-algoritmoaren garapenean jardun du.
FABRIKAZIO PROZESUEI DAGOZKIEN HOBEKUNTZAK
Azkenik, hauexek dira enpresa partaideek fabrikazio-fasean eman dituzten aurrerapausoak:
NAVACEL lehiakortasunari eusteko metodo berriak aztertzen ari da, prozesuak ahal den neurrian automatizatuz eta hiru esparru hauetan arreta jarriz: soldadurako buruaren mugimenduen automatizazioa, junturen jarraitzailearen inplementazioa eta erlaitz-posizioko soldadura erdiautomatikoa ahalbidetzea, piezen mugimendua murriztu ahal izateko.
HARSH proiektuaren barruan, DITRELek bere gain hartu du 66 KVeko itsaspeko konektore elektriko berri baten diseinu mekanikoa eta espezifikazioen koadernoa lantzeko ardura, eta VICINAY CADENASek instalatzeko nahiz desinstalatzeko maniobrak erraztuko dituzten ainguratze-lineetako konektoreen diseinu berritzailea lantzen dihardu. Bestetik, ERREKA torlojuz jositako loturak karakterizatzeaz arduratu da, nekearen eta tenplaketan izandako gorabeheren arabera.
Bestalde, CREDEBULGek lan-baldintzak, materialen arteko konbinazioak, aplikatu beharreko estaldurak edo/eta tratamendu termikoak nahiz beharrezko komunikazio-protokoloak zehaztu ditu TECNALIArekin batera. Honela, 3 tonako gaitasuna duen itsaspeko manipulagailu modular baten prototipoa diseinatu da. Kable baten bitartez, itsas azalean kokatutako kontrolgunearekiko konexioa bermatua du, eta kable horrek trakzio-sistemak, gailuaren kontrola nahiz ontzi gaineko sentsore eta adimenaren bitartez bildutako datuen monitorizazioa elikatzen ditu.
HARSHLAB-EN EMANDAKO AURRERAPAUSOAK
Gainera, luze gabe, enpresa guztiek soluzioen saiakuntza egiazko itsas ingurunean egiteko aukera izango dute HARSH LABen lehenengo bertsioa itsasoratu ondoren. TECNALIAren koordinaziopean eta laguntzapean egingo dute.
Orain arte, GLUAL, HINE, SASYMA, VICINAY, ERREKA, BLUG eta TUBACEX enpresek HARSHLABen osagaiak testatzeko lan egin dute, garatutako soluzioen baliozkotze praktikoa offshore ingurune errealean egiteko eta hainbat ingurunetako akatsei dagozkien portaerak eta mekanismoak erkatzeko eskaintzen duen aukeragatik.
HarshLabi dagokionez, DITRELek sarearekiko konexio elektrikoa diseinatzen lagundu du, eta TUBACEXek, hainbat altzairu herdoilgaitzen laginak eskaintzeaz gain, riser hodia egiazko neurrian fabrikatzeari ekingo dio, laborategiaren bigarren bertsiorako.
Proiektu honetatik nahiz HARSHLABen eraikuntza eta ustiapenari lotutako balio-kate osoko euskal enpresen partzuergoarekiko lankidetzatik lortu den ezagutzari esker, enpresa partaideek beren teknologia egokitu ahal izango dute offshore sektoreari zuzendutako zerbitzu berriak eta hobeak eskaintzeko.
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com