Bilatzailea :
Menura itzuli
12 Aza 2015
Sektore eolikoaren Windbox Fabrikazio Aurreratuko Zentroak aurrerantzean abiaraziko dituen bost saiakuntza-bankuetako lehena aurkeztu da gaur: pasaera aldatzeko sistemaren saiakuntza-bankua. Honi esker, osagai eolikoak fabrikatzen dituzten enpresek, pitch sistemak izenaz ezagutzen diren aerosorgailuetako palen pasaera aldatzeko sistemak probatu eta optimizatu ahal izango dituzte.
Aerosorgailuko palaren pasaera aldatzeko sistema, pala bakoitzaren biraketa arautzeaz arduratzen da, haizearen abiadurara egokitu eta energia-ekoizpena optimizatzeko asmoz, aerosorgailuarenganako inpaktua minimizatuz. Sistema honen fidagarritasuna ezinbestekoa da aerosorgailuaren ekoizpen maximoa segurtatu eta eragiketa eta mantentze-lanetako segurtasuna bermatu ahal izateko.
Saiakuntza-bankuak aukera paregabea ematen die enpresei, palaren pasaera aldatzeko sistema eta horren osagai desberdinak parke eolikoen errealitatearen antzeko baldintzetan probatu ahal izateko. Saiakuntza hauen bitartez, energiaren kostua murrizten lagun dezaketen diseinu optimizatuko eta fidagarritasun handiko produktuak balioztatu ahal izango dira, baita sistema mailako diseinu-prozesuak nahiz fabrikazio-prozesuak ere.
Bankuan, offshore merkatura zuzendutako 8 MWerainoko potentzia duten aerosorgailuetarako sistemen saiakuntzak egingo dira.
Ekipamendu honen aurkezpena Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak zuzendu du, Windbox Elkartea osatzen duten 9 euskal enpresak (Antec, Adwen, Erreka, Gamesa Eólica, Gamesa Innovation and Technology, Glual, Hine, Laulagun eta Wec) eta ekimena koordinatzeaz arduratu den Energia Klusterra ondoan zituela. Saiakuntza-bankua IK4-Tekniker Zentro Teknologikoak Eibarren dituen instalazioetan kokatuta dago, eta zentro hau arduratu da ekipamendua eraikitzeaz.
Windbox ekimena 2014an abiarazi zen Eusko Jaurlaritzaren sustapenarekin Fabrikazio Aurreratuko Estrategiari atxikita, euskal enpresek sektore eolikoan dituzten gaitasunak garatu eta nazioarteko merkatuan duten posizionamendua hobetzeko asmoz.
Eusko Jaurlaritzaren Fabrikazio Aurreratuko Estrategia
Windbox ekimenaren bitartez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Fabrikazio Aurreratuko Estrategiaren inplementazioa indartu du, euskal industriaren lehiakortasuna hobetzeko oinarri nagusietakotzat.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak taxututako Espezializazio Adimenduneko Estrategiari atxikita, Windbox-ek balio erantsi handiko azpiegitura espezifikoak bultzatuko ditu Euskadin, bertako enpresek industria-produktuak garatu, sistemen saiakuntzak gauzatu eta fabrikazio-teknika aurreratuak baliozta ahal ditzaten, Euskadin ezarrita dauden espezializazio-lehentasunetako bi uztartuz: manufaktura aurreratua eta energia.
Energia eolikoaren garapena
Energia eolikoa dugu iturri berriztagarririk heldu eta lehiakorrenetakoa, etengabeko hobekuntza-prozesuan murgilduta dagoena, eta I+G arloko inbertsioei esker, energiaren kostua murrizten jarraitzen du. Ingurune honetan, potentzia handiagoko aerosorgailu eraginkorragoak eta errentagarriagoak garatu behar dira. Era berean, itsas-energia eolikoak duen sorkuntza-potentzial handiagoari eta honen ondoriozko hazkunde-aurreikuspenei jarraiki, ezinbestekoa da I+G arloko baliabideak bideratzea, "offshore" inguruneetarako aerosorgailu berrien fidagarritasun eta kostuei buruzko baldintza zorrotzetara egokituko diren osagaiak eta sistemak diseinatu ahal izateko.
Hitz gakoa
NOTICIAS
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com