Bilatzailea :
Menura itzuli
25 Mar 2024
Teknologia
Martxoaren 22an egin zen Bizkaiko Parke Teknologikoan (Zamudio) VIRTGRIDen “Smart grid-etako funtzioen birtualizazio eta interoperabilitaterako teknologia digitalak” proiektuaren emaitzak zabaltzeko eta transferitzeko tailerra, Tecnaliak koordinatu eta Ingeteam Research Institute, ZIV I+D, UPV/EHU eta Euskadiko Energia Klusterrarekin lankidetzaz garatutako bi urteko ikerketari amaiera emanez.
Saioaren irekieran, Euskadiko Energia Klusterrak agenda, jorratu beharreko gaiak eta 2023ko uztailean egindako aurreko tailerrarekiko loturak aurkeztu zituen. Jarraian, Tecnaliak proiektuaren helburuak eta lortutako emaitzen betetze-maila errepasatu eta beren-beregi nabarmendu zituen azpiestazio eta transformazio-zentroen mailako kasuistika espezifikoetara egokitutako birtualizazio-arkitekturak definitzeko egin den lana; baliabideen esleipen dinamikorako algoritmoen inguruko ikerketa, eta zibersegurtasunean egindako aurrerapenak, osagai birtualak urrutitik hedatu eta eguneratu ahal izateko.
Ondoren, proiektuko bazkideek ikerketaren xehetasunei eta lortutako emaitzei erreparatu zieten: azpiestazioen eta transformazio-zentroen birtualizazio-beharrei hardware eta software mailan erantzuteko arkitektura egokienen proposamenak, betiere kontuan hartuz hedapen masiboaren, kritikotasunaren, egiazko denboraren eta kudeaketa/gainbegiratzearen inguruko betekizunak; birtualizatutako inguruneetarako komunikazio-teknologiarik egokienak; birtualizatutako nodo logikoen errendimendua ebaluatzeko probak (IEC61850) eta hauen optimizazioa baliabideen esleipen dinamikorako algoritmoen bitartez; eta zeharka, aplikazio birtualizatuak hardware-ingurune berean isolatzea bermatuko duten zibersegurtasuneko teknologiak, aplikazio birtual bateko kalteberatasun baten ustiapenak eragin dezakeen inpaktuaren hedapena saihestuz.
Gainera, erabilera funtzionaleko kasuen kontzeptu-probak aurkeztu ziren proiektuaren garapenak azpiestazio-ingurune birtualizatu batean (IEDren babes-funtzioa) eta transformazio-zentro batean (datu-kontzentratzailea) baliozkotzeko, elektronika (hardware) estandarra horretarako euskarritzat erabiliz. Lan hau osatzeko, testbookak egin dira azpiestazio eta transformazio-zentroetan birtualizatutako ekipoetarako.
Azalpenen ondoren, eztabaida zabaldu zen bertaratutakoen artean emaitzen aplikagarritasunaz eta etorkizunean izan dezaketen bilakaez. Besteak beste, kezka antzeman zen fabrikatzaileen artean zibersegurtasuneko gaiei buruz –birtualizazio hutsetik harantzago– eta luze gabe beren produktuetan aplikatuko den CRA (Cyber Resilience Act) delakoari buruz. Birtualizatutako funtzionalitateen errendimenduan hobetu beharreko alderdiak ere identifikatu ziren.
Hurrengo pausoei dagokienez, azpiestazio eta transformazio-zentroetarako erreferentziazko arkitektura izateak, ekipoen arteko interoperabilitatea bermatzeak, kableko sareen osagarri edo alternatiba diren haririk gabeko sare sendoagoak garatzeak, hardwareak zibersegurtasuneko teknologiak ezartzeko duen gaitasunak, eta birtualizatutako ekipo eta funtzionalitateen jokabidearen erabateko trazabilitatea izateak duten garrantzia nabarmendu zuten, anomaliak detektatu eta erreproduzitu ahal izateko.
Azkenik, birtualizazioak operadore eta fabrikatzaileen negozio-ereduari eragingo dion aldaketaren garrantzia azpimarratu zen berriro, izan ere, aurrerantzean elkarlanean jardun beharko dute lan egiteko modua egokitzeko eta birtualizatutako softwareko funtzionalitateak bidezkotasunez aitortu eta ordainduko dituen arau-esparru mesedegarria lortzeko.
Tailerraren osagarri, martxoan banakako kontraste-saioak egin dira hainbat operadorerekin, banaketakoak (i-DE eta Unión Fenosa Distribución) zein garraio arlokoak (Elewit, Redeia Taldearen plataforma teknologikoa) barne, eta guzti-guztiek iruzkinak, balorazioak eta ikuspuntuak eman dituzte aurkeztutako emaitzei buruz, teknologia horiek ezarri eta hedatzearen inguruko kezkak partekatzeaz gain.
Proiektuak teknologiaren transferentziaren arloan lortutako emaitza nagusiaren ildotik, zenbait bazkidek lankidetzan jardun dute –sare adimendunen balio-kateko beste enpresa batzuekin batera– 2024ko deialdian aurkeztutako Hazitek Estrategikoaren proposamena prestatzeko, VIRTGRIDen landutako teknologiak heldutasun-maila altuagoetara eboluzionatu ahal izateko, proiektu berriko partaide diren Smart Grid-etarako produktu eta soluzio digitalen fabrikatzaileek proposatutako erabilera-kasu zehatzetan aplikatuz.
VIRTGRID proiektua Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Elkartek 2022 programak finantzatu du. Partzuergoa Tecnaliak koordinatzen du, eta Ingeteam Research Institute, ZIV I+G, UPV/EHU –ingeniaritza elektrikoko (GISEL) eta komunikazio-ingeniaritzako (TSR) sailen bitartez– eta Euskadiko Energia Klusterra ditu partaide.
Hitz gakoa
Kluster aktibitateak
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com