Bilatzailea :
Menura itzuli
28 Mar 2024
Internazionalizazioa
Martxoaren 19an, Euskadiko Energia Klusterrak ongietorriko jardunaldia antolatu zuen Basque Trade & Investment-ekin batera, WindEurope Bilbao 2024 delakoan parte hartu duten nazioarteko ordezkaritza gehienentzat. Bertaratutakoen artean zeuden Eskozia, Gales eta Ingalaterrako ordezkaritzak, baita Holanda, Turkia, Polonia eta Japoniakoak ere. Gainera, azokaren ondorengo egunetan, Euskadiko Energia Klusterrak hainbat tour antolatu zituen Wind Energy Basque Country pabiloira ordezkaritza horietako batzuentzat.
Martxoaren 18ko astean Bilbo munduko energia eolikoaren hiriburu bihurtu zen WindEuroperen trakzio-eraginari esker, izan ere, topaketa hau nazioarteko erreferentziazko gunea da herrialde osoarentzat eta sektorean diharduten enpresa guztientzat. Nazioarteko izaera horren kariaz, Basque Trade & Investment-ek, Energia Klusterrarekin batera, azokaren aurreko ongietorriko jardunaldia antolatu zuen nazioarteko ordezkaritzentzat, martxoaren 19an, Euskalduna jauregian. Ekitaldiak sektore eolikoko 250 ordezkari baino gehiago erakarri zituen programatutako hitzaldien ondoren networking-gune bat sortzeko asmoz. Gehienak munduko hainbat herrialdetatik etorritakoak ziren, baina baziren euskal enpresak ere.
Euskadiko Energia Klusterrak sektoreko euskal enpresen gaitasunak eta eoliko flotagarriak estatu mailan garatzeko duen potentziala aurkeztu zituen. Bestalde, Polonia, Turkia, Erresuma Batua, Eskozia eta Galesko ordezkariek offshore eolikoaren arloan dituzten aukerak eta aurreikuspenak eman zituzten ezagutzera. Iberdrola eta Baltic Towers enpresek enpresa pribatuaren ikuspegitik azaldu zuten merkatuari buruz duten ikuspegia.
WindEurope azokaren ondorengo hiru egunetan, Euskadiko Energia Klusterrak Wind Energy Basque Country pabiloian erakusketari zebiltzan ia 50 enpresak xehetasunez ezagutzeko aukera eskaini zien ordezkaritza horiei. Horretarako, lau tour antolatu zituen Ipar Irlanda, Eskozia, Belgika eta Japoniako ordezkaritzentzat, euskal enpresek sektore eolikoan dituzten gaitasunak azalduz, stand guzti-guztiak bisitatuz eta enpresa horiek sektorean duten eginkizuna azalduz. Horrela, ordezkaritzek gertu-gertutik ezagutu ahal izan zuten euskal enpresa handi eta txikien lana, eta euskal enpresa hauek beren burua ezagutzera emateko aukera izan zuten nazioarteko ordezkaritzetako enpresen aurrean.
Egun horietan, Euskadiko Energia Klusterrak, BasqueTrade, EEN eta SPRIrekin batera, B2B-gune bat ere antolatu zuen B2match tresnarekin. Online plataforma horrek nazioarteko zein Euskadiko enpresak biltzen zituen eta haien artean bilera fisikoak adosten zituzten WindEuropen horretarako prestatuta zegoen areto batean. Guztira, enpresen arteko 100 topaketa baino gehiago antolatu ziren.
Hitz gakoa
Kluster aktibitateak
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com