Bilatzailea :
Menura itzuli
27 Mar 2024
Internazionalizazioa
Martxoaren 18an, Euskadiko Energia Klusterrak, BasqueTrade & Investment eta Austrade (Australiako nazioarteko sustapenerako agentzia) erakundeekin batera, informazio-jardunaldia antolatu zuen, antipodetako herrialdeak energia arloan eskaintzen dituen aukerak ezagutzera emateko. Topaketan, sei euskal enpresak negozioa Australian garatzeko izandako esperientzia azaldu zuten.
Australia interes handiko herrialde bihurtu da azken urteotan energiaren sektoreko enpresentzat. Energia berriztagarrietan inbertitzeko politikan izandako aldaketak eta elektrizitate-sare moderno eta fidagarriaren hedapenak planetaren beste aldera erakarri dute sektorean hainbat urtetako esperientzia duten Europako enpresen jakin-mina.
Egia da Europako enpresa batzuek urteak daramatzatela herrialde hartan lanean, onshore parke eolikoen proiektuetan edo merkatu fotovoltaikoan, produktu eta ekipamendu elektrikoei estu-estu lotuta. Elektrizitatea biltegiratzeko proiektuek oso merkatu-nitxo interesgarria aurkitu dute herrialde hartan, eta euskal enpresa batzuk posizio horretaz profitatzen ari dira. Hala ere, azken urteotan sortutako boomaren ondorioz, energia berriztagarrien aldeko politika berriak eta erregulazio-sistema berriak abian jarri eta mixean herrialdeko ekialde eta hego-ekialdeko kostaldeko offshore eolikoa sartu direla, aukerak nabarmen handitu dira energiaren sektoreko euskal enpresentzat.
Gai horiek guztiak xehetasun handiagoarekin azaldu zituzten martxoaren 18ko informazio-jardunaldian parte hartu zuten erakundeek. Australiako Gobernuko Energia Sailetik herrialdeak sektore honetan duen egoera aurkeztu zuten, baita datozen urteetarako aurreikuspenak ere, berriztagarrien hedapenari, elektrizitatea banatu eta transmititzeko sareari eta energia-biltegiratzeari dagokienez.
Victoria eta Hegoaldeko Gales estatuek bere-beregi nabarmendu zuten offshore eolikoan duten eskaintza, aurten bertan teknologia horren enkante bana abian dituztela. Jardunaldiaren amaieran, plater nagusia agertu zen. Sei euskal enpresak Australian lan egiten izandako esperientzia azaldu zuten, kontuan hartu beharreko xehetasunak, beste merkatu batzuekiko desberdintasunak, gauzatutako proiektu-motak eta abar.
Panel hau Euskadiko Energia Klusterrak moderatu zuen, eta Arteche, Iberdrola, Ingeteam, Saitec, Sener eta Siemens Gamesa izan zituen partaide.
Artechek 20 urtetik gorako esperientzia du herrialde hartan lanean, eta produktu elektrikoen hornitzailearen ikuspegitik kontatu zuen bere istorioa, aukera handia ikusten baitu orain, herrialdean elektrizitate-sarea berritu eta zabaltzeko aurreikusita dauden proiektuen ondorioz. Ingeteam bat etorri zen ikuspegi horrekin, energia elektrikoa biltegiratzeko sistemek Australian izango duten aukera ere nabarmenduz.
Iberdrola oraintsuago finkatu da herrialdean, baina abian ditu dagoeneko herrialdean onshore zein offshore berriztagarriak hedatzeko planak. Siemens Gamesak ere aukera handia ikusten du, batez ere offshore eolikoan, izan ere, herrialdea munduko laugarren potentzia ekonomikotzat posizionatzeko asmotan dabil zenbait urteren buruan.
Offshore eolikoari buruzko ikuspegia, eoliko flotagarriari buruzkoa zehazkiago esanda, Sener eta Saitec plataforma eoliko flotagarrien garatzaileak eman zuten. Australiako eremu batzuek itsas sakonera handiak dituztenez, eoliko flotagarrirako teknologiak ere aukera handia eskainiko die sektorean lan egiten duten euskal enpresei.
Testuinguru honetan, Euskadiko Energia Klusterrak eta enpresa elkartekideek, Australiako merkatuak eskaintzen duen aukera aprobetxatu nahian, enpresa-misioa antolatuko dute uztailaren 8ko astean Australia Wind Energy ekitaldiaren babespean. Interesatuta dauden enpresa elkartekideak garaiz dabiltza oraindik misioan izena eman ahal izateko.
Hitz gakoa
Kluster aktibitateak
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com