Bilatzailea :
Menura itzuli
16 Ots 2024
Euskadiko Energia Klusterrak energiaren sektoreko euskal enpresek ikasleei eskaintzen dizkieten garapen profesionalerako aukerak aurkeztu zituen stand propio baten bidez, otsailaren 15ean, San Mames estadioko instalazioetan egindako ekitaldian.
Bilboko Ingeniaritza Eskolak (UPV/EHU) antolatuta, jardunaldian parte hartu zuten 106 erakundeek ikasleen artean eman zituzten ezagutzera garatzen dituzten jarduerak, lan egiteko aukerak eta eskatzen dituzten hautagaien profilak.
Bestalde, Euskadiko Energia Klusterrak energia-sektoreko jardueren, joeren eta etorkizuneko aurreikuspenen ikuspegi orokorra eskaini zien ikasleei, sektoreko euskal enpresen errealitatea hurbilduz eta arlo estrategiko bakoitzean dauden (Energia Eolikoa, Smart Grids, Hidrogenoa, Olatuen Energia, etab.) lan-aukerak hobeto ezagutzeko aukera emanez. Ekitaldi berean, Euskadiko Energia Klusterrak zehatzago aurkeztu zituen zenbait enpresa elkartekideren jarduerak eta aukera profesionalak, AEG Power Solutions, Alerion Clean Power, ISATI Engineering Solutions, Team Engineering Consulting Group eta Windtechnic Engineering tarteko. Guztira, Euskadiko Energia Klusterrak enpresa elkarkideek lan edo praktikak egiteko abian dituzten 6 eskaintza eman zituen ezagutzera, hauen erakargarritasuna nabarmenduz eta balizko hautagaiei parte hartzera animatuz.
Jardunaldian, halaber, Euskadiko Energia Klusterraren Talent Pool deritzon espazioa aurkeztu zen, euskal energia-sektorearen barruko hautaketa-prozesuetan parte hartzeko gonbidapenak jaso nahi dituzten STEMeko profesionalei zuzenduta. Talentua txertatu nahian dabiltzan Euskadiko Energia Klusterreko elkartekideek Klusterrari atxikitako 200dik gora erakundeen (energia-operadoreak, ekipo eta osagaien fabrikatzaileak, ingeniaritzak, zerbitzu-enpresak nahiz zentro teknologikoak) hautaketa-prozesuak bateratzen dituen plataforma horretaz baliatzeko aukera izango dute. Ikasleen etorrerak aise gainditu zituen Euskadiko Energia Klusterra hirugarren aldiz partaide izan duen jardunaldi honen inguruko aurreikuspenak, eta oso balorazio positiboa egin zuten sektoreari buruz eskainitako ikuspegiaz eta enpresen aurkezpenaz.
Hitz gakoa
Talentua
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com