Bilatzailea :
Menura itzuli
22 Mai 2019
Energia Klusterrak koordinatutako zortzi euskal erakunderen ordezkaritza batek mugikortasun elektrikoaren munduko topaketarik handiena den EVS32 deritzonerako misio batean parte hartu zuen Frantziako Lyon hirian, maiatzaren 20tik 22ra bitartean. Misioa Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Smart Mobility Industry Programaren barruan antolatu zen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak biltegiratze eta ibilgailu elektrikoaren Europako erreferentziazko merkatuetara bultzatu dituen enpresa misioei jarraipena emanez, Energia Klusterrak mugikortasun elektrikoaren balio-kateko zortzi euskal erakunderen ordezkaritza baten parte-hartzea dinamizatu du maiatzaren 20, 21 eta 22an, Lyonen antolatutako EVS32 (Electric Vehicle Symposium & Exhibition) topaketan. Hainbat gairi buruzko hitzaldiak, erakusketa-eremua eta ibilgailu elektrikoetarako saiakuntza esparrua uztartuz, biltzarrak sektoreko eragilerik garrantzitsuenak bildu ditu: 6.500 parte-hartzaile, guztira, IBERDROLA, IBIL, INGETEAM, ORMAZABAL, ZIV, VELTIUM, TECNALIA eta FICOBAren ordezkariak tarteko zirela.
Enpresa horietako batzuk stand propioa izan dute erakusketa-eremuan. Horrela, INGETEAM, ORMAZABAL eta FICOBA enpresek, jardunaldiaren nazioarteko inpaktuaz baliatuta, 2020ko martxoaren 11 eta 12an Irunen egingo den Go Mobility azokaren hurrengo edizioa sustatu dute, mugikortasun berriaren balio-katearen Europa hegoaldeko erreferentziazko topagune profesionala bihurtzeko asmoz.
Lyongo egonaldian, euskal ordezkaritzak, sektorearen egoera globala, eragile nagusiak eta ibilgailu elektrikoaren nahiz birkarga-azpiegituren etorkizuneko ikuspegiak ezagutzera ematea helburu zuten hainbat jardueratan parte hartu du. Era berean, mugikortasun elektrikoaren arloko giltzarrizko enpresa eta eragileekin biltzeko aukera izan du; hala nola, ibilgailu elektrikoen birkargarako CCS protokoloa zabaltzea xede duen CharIN elkartea; CHAdeMO elkartea, Japoniako izen bereko birkarga-estandarra bultzatzen duena; Ibilgailu Elektrikoaren Norvegiako Elkartea eta Tenerrdis; Frantziako Auvergne-Rhône-Alpeak eskualdeko Energia Klusterra, eta topaketan stand propioa zuten birkarga elektrikoaren arloko ekipo eta soluzioen fabrikatzaileak. Misioa osatzeko, programatutako hitzaldi eta saioen panel trinkoaren jarduera gehienetan parte hartu du, mugikortasun elektrikoa, ibilgailu autonomo eta konektatuak, birkarga-azpiegiturak eta biltegiratze-sistemak ardatz dituzten gai guzti-guztiak barne hartuz eta birkarga adimenduneko V2G (vehicle-to-grid) teknologiari eta sare elektrikoa egonkortu eta energia berriztagarriak txertatzeko eskaintzen duen potentzialtasunari arreta berezia emanez.
Hitz gakoa
Internazionalizazioa
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com