Bilatzailea :
Menura itzuli
19 Eka 2020
Donostia, Gasteiz, Iruñea, Sestao eta Bilboko Smart Citien ordezkariok topaketa birtuala egin dugu gure H2020 proiektuen inguruko ezagutza, esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko.
Uztailaren 19an egin zen Innovation Atelier Bilbao deritzonaren barruan antolatutako lehenengo workshopa. Enpresei, herritarrei, eragileei zein kolektiboei irekitako Innovation Atelier Bilbao partaidetza-tresna Bilboko Udalak definitu du ATELIER proiektuko beste kide batzuekin batera, berrikuntza irekiaren bitartez Zorrotzaurre Energia Positiboko Barruti bihurtzen laguntzeko.
Energia Klusterrak gidatutako workshop honetan, panel interesgarria osatu zuten REPLICATE (Donostiako Sustapena, Tecnalia), SMARTENCITY (Gasteizko Udala, VISESA, Tecnalia), STARDUST (Iruñeko Udala, CENER), +CITYXCHANGE (SestaoBerri) eta ATELIER (Bilboko Udala) proiektuen ordezkariek, eta bertaratutako hainbat lagunekin batera, beraien hirien smart city ikuspegia aurkeztu eta H2020 proiektuetan bildutako esperientziak, jardunbide egokiak eta ikasgaiak partekatu zituzten, elkarren artean inplementazio eta hedapen-prozesuaz ikasteko asmoz.
Saioaren lehen zatiak proiektuei buruzko ezagutza bateratua hartzea zuen helburu, bereziki bost hirietan planteatu eta bideratu diren jarduketei buruzkoa, eta horretarako, haien ordezkariek aurkezpen labur bana egin zuten.
Bigarren zatian, formatu dinamikoagoarekin, solasaldi irekia egin zen, panelgileei gai jakin batzuen inguruko esperientziak, ikasitako irakaspenak eta gomendioak partekatzeko aukera emanez. Eztabaidak hiru ardatz nagusi izan zituen: gobernantza-eredua eta hiri bakoitzak proiektuetan konprometitutako jarduerak gauzatzeko dituen tresnak, kasu bakoitzerako soluzio teknikorik onena zehazteko prozesua, eta komunikazioa zein herritarren partaidetza sustatzeko abiarazitako mekanismoak.
Ondorio modura eta amaierako balantze gisa, hirien ordezkariek gomendio bat eta ikasitako lezio bat nabarmendu zituzten, eta modu positiboan baloratu zuten bost proiektuen arteko lankidetza-esparru bat ezartzeko aukera, landutako gaietan sakondu eta elkarren intereseko beste gai batzuei ekin ahal izateko.
Workshopari amaiera emanez, Gotzone Sagardui Bilboko Udaleko Alkateordeak eskerrak eman zizkien panelgileei zein bertaratutakoei ekimenean izandako parte-hartzeagatik eta proiektuetan egindako lanagatik, eta udazkenean beste saio presentzial bat egiteko itxaropena agertu zuen.
Hitz gakoa
Internazionalizazioa
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com