Bilatzailea :
Menura itzuli
20 Urr 2023
Energiaren Kluster Elkarteak orain arte Japoniara egindako enpresa-misiorik handiena antolatu zuen 2023ko urriaren 10etik 18ra bitartean BasqueTrade & Investment eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, sektore eolikoko eta hidrogenoaren arloko 19 enpresak osatutakoa. Misioa Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailburua buru zituen bidaia instituzionalaren barruan egin zen, Eusko Jaurlaritzak eta BasqueTrade & Investmentek aurten Euskadi eta Japoniaren arteko harremanak ikusarazi eta areagotzeko eta “Euskadi Basque Country” marka Japonian sustatzeko abiarazi duten Euskadi–Japonia 2023 ekimenaren harira.
Energia-sektorea izan da Eusko Jaurlaritzak Euskadi-Japonia 2023 ekimenaren barruan Japoniara bultzatu duen industria-misioaren protagonista. EKEren eskutik, sektore eolikoko eta hidrogenoaren arloko 19 enpresaren ordezkaritza bat eratu da, bi sektoreei zuzendutako aldi bereko agenda espezifikoekin. Hauexek dira Japoniara joandako sektore eolikoko enpresak: DITREL, ERREKA, HINE, HWS, IBERDROLA, IRIZAR FORGE, KIMUA, LIFTRA, NERVION NAVAL OFFSHORE, SAITEC, SENER eta SLINGSINTT. Hidrogeno-sektorearen izenean, aldiz, honako hauek: AMPO, H2SITE, IDOM, IKERLAN, NIPPON GASES, PETRONOR eta TECNALIA.
Misioaren lehen egunetan, urriaren 10etik 13ra, bi sektoreen agendak aldi berean gauzatu ziren. Alde batetik, ordezkaritza eolikoa Kitakyushun egon zen Nippon Steel (offshore eolikorako egitura metalikoen fabrikatzailea) enpresa bisitatzen, baita GOWS (Global Offshore Wind Summit) izeneko offshore eolikoaren arloko Japoniako azoka espezifikorik handienean ere.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailburuak GOWS azokaren irekiera ofizialean parte hartu zuen. Irekiera-ekitaldiaren ondoren, Energia Klusterrak ekitaldi horretara eraman zuen standa bisitatu zuen, non, 10 euskal enpresak offshore eolikoaren esparruan dituzten gaitasunak eta proiektuak ikusarazi zituzten “Offshore Wind Basque Country” marka bateratuaren azpian.
Azoka Japoniako enpresekiko bilerak antolatzeko topagunea izan zen euskal enpresentzat. Gainera, egun horietan, networking ekitaldi bat antolatu zen GOWSera bertaratutako japoniar erakundeei offshore eolikoko euskal balio-katearen gaitasunak ezagutzera emateko.
Aldi berean, hidrogenoaren arloko ordezkaritzak Kawasaki Heavy Industry, Kobe Steel eta Mitsubishi Heavy Industries enpresak bisitatu zituen Kobe inguruan. Instalazio horietan, hidrogeno likidoa garraiatzea, hidrogenoa metalurgia-lantegietan erabiltzea eta hidrogenorako gas-turbinak fabrikatzea xede dituzten proiektuak ezaguitzeko aukera izan zuten.
Ondoren, ordezkaritza Fukushimara joan zen REIF (Renewable Energy Industrial Fair) ekitaldian parte hartzeko, eta bertan hainbat bisita egiteko aukera ere izan zuten; adibidez, Denso lantegira eta FH2R hidrogenoa ekoizteko instalazioetara. Oraingo honetan, Arantxa Tapia Sailburuak REIF 2023 ekitaldiaren irekiera-ekitaldian parte hartu zuen, eta hidrogenoaren zein energia eolikoaren arloko 8 euskal enpresa partaide zituen standa bisitatu zuen.
Bi ordezkaritzek bat egin zuten asteburuan Tokion, Lehendakariarekin astelehenean antolatutako bileran nahiz Business Leader Summit delakoan parte hartzeko, sektoreko euskal enpresa liderren zein Japonian errotu eta jardunean diharduten euskal enpresen aurkezpenen lekuko izanik. Astelehen horretan bertan, enpresek bilerak izan zituzten Hidrogenoaren Japoniako Elkartearekin eta Energia Eolikoaren Japoniako Elkartearekin, hurrenez hurren. Energia Eolikoaren Japoniako Elkartearekin egindako bileran, parke eolikoen bost garatzailek ere parte hartu zuten (TODA, KAJIMA, SHIMIZU, TAISEI eta OBAYASHI), enpresei harremanak trukatzeko aukera erraztuz.
Bi ordezkaritzen azken egunetan, agendak bereizita gauzatu zituzten. Eolikoaren arloko ordezkaritza Osakara joan zen Hitachi Zosen (offshore eolikorako egitura metalikoen fabrikatzailea) eta offshore eolikoaren aldeko apustuari estu-estu heltzen ari zaion Kepco utilitie japoniarrarekin biltzeko.
Hidrogenoaren arloko ordezkaritza Kawasaki Cityra joan zen hiri horretan abiarazitako hidrogeno-politika berritzailea ezagutzeko, eta hondakinetako plastikoetatik CO eta hidrogenoa sortzeko teknologia berritzailea erabiltzen duen Resonac enpresaren instalazioak bisitatu zituen. Horrez gain, Eneos findegia ezagutzeko aukera ere izan zuen. Azken egunean, ordezkaritza Chiyoda enpresarekin bildu zen honen hidrogeno planak ezagutzeko eta Taiyo Nissanen (Nippon Gasen matrizea) instalazioak bisitatu zituen.
Hitz gakoa
Internazionalizazioa
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com