Bilatzailea :
Menura itzuli
8 Mai 2019
Energia Klusterrak esplorazio-bidaia egin zuen Pazko astean Txileko Santiagora Space2IDGO deritzon proiektuaren barruan. Europako klusterren arteko proiektu honen bitartez, sektore aeroespazialeko enpresentzako (droneak dituzten enpresak, energia berriztagarrietako parkeen O&M jardueretarako satelite bidezko tresnak erabiltzen dituzten enpresak, etab.) aukerak bilatu nahi dira energia sektorean. Energia Klusterrak bilerak antolatu zituen energia sektoreko hainbat eragilerekin, herrialdearen egoera egiaztatzeko eta energia sektoreko enpresek Txileko ekipamendu eta instalazio energetikoen hobekuntzarako aplikazio teknologikoetan izan ditzaketen aukerak aztertzeko.
Apirilaren 23an, Space2IDGO proiektuaren barruan, Energia Klusterrak esplorazio-bidaia egin zuen Txilera Aerospace Valley kluster frantziarrarekin batera. Agenda taxutzeko lanetan, Europako eta Txileko enpresen arteko lankidetza sustatzeko zerbitzuak eskaintzen dituen Eurochile erakundea izan zuen bidelagun. Bidaia honen bitartez, lankidetzan jarduteko moduko erakundeak bilatu nahi zituzten Txileko energia sektorean, energia berriztagarrietako parkeei O&M arloko euskal enpresen zerbitzuak eskaini ahal izateko. Honelako zerbitzuak teknologia aeroespazialak dituzte ardatz; adibidez, satelite bidezko irudiak isolatuta dauden parke fotovoltaikoen mantentze-lanetarako, edota droneen erabilera sare elektrikoen nahiz energia berriztagarrien sorkuntza-instalazioen mantentze-lanetarako.
Eurochile fundazioak hainbat bilera antolatu zituen energia sektoreko giltzarrizko erakundeekin, eta horietan, klusterrak herrialde hartako energia berriztagarrien garapenaz, araugintza arloko gaiez eta sare energetikoan teknologia berriak txertatzeko aukeraz hitz egin zuen. Bilera horietan parte hartu zuten erakundeen artean, honako hauek nabarmen daitezke: Energiaren Batzorde Nazioana (CNE), Enel Green Power, itsas-energia berriztagarriei buruzko ikerketa zentroa (MERIC) eta Txileko energia berriztagarrien elkartea (ACERA).
CNEk herrialdean dauden energia arloko araugintzaren egungo joerak argitu zituen (kontagailu adimendunen erregulazioak eta instalazioak eragindako geldialdia nabarmenduz), baita herrialdeko baliabide hidrikoak neurtzeko sortu den satelite bidezko teknologia berriekiko jakinmina ere. Enel-ek droneen teknologiekiko interesa agertu zuen Txilen dituen energia berriztagarrietako instalazioen O&M jardueretarako, eta enpresa berritzaileekin elkartzeko prest azaldu zen instalazio horietako ekoizpena hobetzeko. MERICek berebiziko interesa erakutsi zuen Energia Klusterreko itsas-energien esparruari buruz, honen balio-kateari buruz eta BiMEP azpiegiturari buruz.
Bilera horiek guztiek, Smart Grid-en eta energia berriztagarrien balio-kate osoan potentzialtasun handia duen merkatu horretan, energia sektoreko euskal enpresak ezagutzera ematen lagundu zuten.
Hitz gakoa
Internazionalizazioa
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com