Bilatzailea :
Menura itzuli
30 Mai 2019
Fukushimako Prefekturako (Japonia) ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du SPRI Taldeari atxikitako Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren (Basque Trade & Investment) eskutik, bi eskualdeen artean dauden energia berriztagarrien arloko harremanetan sakontzeko asmoz. Bisitaren barruan, lankidetza-akordioa sinatu dute Energy Agency Fukushimak eta Energia Klusterrak lau esparru energetiko jorratzeko: energia eolikoa, eguzki-energia fotovoltaikoa, sare adimendunak eta hidrogenoa.
2011ko lurrikarak eta ondorengo tsunamiak egundoko hondamendua eragin zuten Japoniako eskualde honetan, eta lurralderako etorkizun berri bat sortzeko asmoz, Japoniako Gobernuak berrindustrializazioa eta aniztasun energetikoa bultzatzeko programak abiarazi ditu energia berriztagarrien inguruan.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburua tarteko zuen euskal ordezkaritzak urrian Japoniara egindako bisitaren ondoren, Japoniako Industria Ministerioak euskal energia sektorea bertatik bertara ezagutzeko asmoa agertu zuen. Ildo horretan, otsailean, Fukushimako Gobernuaren eta bertako Energia Agentziaren lau ordezkariren misioa antolatu zen, prefekturako industria sustatzeko politiken kudeatzaile eta ordezkari gorena den Katsuzo Niizekiren zuzendaritzapean.
Lankidetza-akordioa sinatzeko ekitaldiko buru izan dira Javier Zarronandia Industria Sailburuordea eta Yosuke Shishido Fukushimako Prefekturako Zuzendaria. Hauekin batera Ainhoa Ondarzabal Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Zuzendariak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko Zuzendariak eta Takahiro Yamada Japoniako Enbaxadako Idazkariak parte hartu dute. Erakundeak José Ignacio Hormaeche eta Yasuhiro Hattori zuzendari nagusiek ordezkatu dituzte.
Bilerari esker, akordioari atxikitako lau esparru estrategikoetako lankidetza-aukerak arakatu dituzte. Horren harira, uztailaren hasieran, Euskadik Fukushima bisitatuko du, energia berriztagarrien arloko euskal gaitasunak enpresa japoniarrei ezagutzera emateko.
Hitz gakoa
Berrikuntza
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com