Bilatzailea :
Menura itzuli
30 urt 2024
Bilbao Zero2 ekimenaren itxierako ekitaldia urtarrilaren 26an egin zen Bilboko Zabalgune Eraikinean, berrikuntza irekiko lan mardulari amaiera emanez, eta Izpitek, Telur, Tecuni eta Giroa-Veolia enpresek garatutako soluzio teknologikoak agerian utziz, Bilboko Udalak udal eraikinetako energia berriztagarrien sorkuntza maximizatu eta horien energia-balantze garbia hobetzeko planteatu duen erronkari erantzun ahal izateko.
Bilbao Zero2 ekimenak berrikuntza irekiko gunea bultzatu du Bilboko Udaleko Sailek zehaztutako erronkei heltzeko, Euskadiko lau kluster estrategikoren, hauei atxikitako enpresen eta unibertsitate, zentro teknologikoen eta bestelako eragileen lankidetzaz.
Udal eraikinetan energia-sorkuntza berriztagarria integratzea izan da landutako erronketako bat, energia-jasangarritasunari buruzko 4/2019 Legeak sorkuntzaren % 32 berriztagarria izan dadin ezarritako betebeharraren harira. Erronka hau Bilboko Udaleko Ogasun eta Zerbitzu Orokorren Arloak bultzatu du, Euskadiko Energia Klusterraren laguntzaz.
Eraikuntza-elementuetan geotermia, mikroeolikoa eta fotovoltaikoa integratzeko 11 enpresaren soluzio teknologiko berritzaileen 17 proposamen ezagutzera eman ziren hasierako saio irekitik abiatuta, ideiak hautatu, iragazi eta lehenesteko prozesua garatu zen hainbat hilabetez, eta prozesu horri amaiera emateko, 4 enpresa finalistak izendatu ziren –horietako 2, ETEak–, haien soluzioak Bilboko lau pilotutan hedatu eta baliozkotzeko aukera izan zezaten, Elorrietako eta Miribillako udal-instalazioetan, zehazkiago esanda.
José Tesán Ogasun eta Zerbitzu Orokorren Arloko zuzendariordeak eta Izpitek (Tecnaliako spin-offa), Telur, Tecuni eta Giroa-Veolia enpresen ordezkariek pilotuak aurkeztu zituzten ekitaldian, baita erabilitako teknologien baliozkotze-prozesuan orain arte lortutako emaitza nagusiak ere.
Pilotuetako hiruk eguzki-sorkuntzako teknologiak eta soluzioak baliozkotzea izan dute helburu: batak, eguzki-plaka hibridoen bidez, erradiazio termikoaren eta elektrikoaren aprobetxamendu bikoitzarekin, Giroa-Veolia eta Tecuniren arteko lankidetzari esker; besteak, estalki arinetan inplementatzeko moduko eguzki-zelula txertatuen bidez, Izpitek-ek eta Tecunik elkarlanean garatuta; eta hirugarrenak, bi aurpegiko zelula fotovoltaikoen bidez (bi aurpegiko aktiboak), Tecuniren eskutik.
Laugarren pilotuak truke geotermikoaren aprobetxamendua izan du ardatz, eta horretarako, Telurrek azterlan bat, kontraste-zundaketa bat eta hainbat inplementazio-aukera biltzen dituen proposamen bat gauzatu ditu.
José Ignacio Hormaeche Euskadiko Energia Klusterreko Zuzendari Nagusiak beren-beregi nabarmendu zuen ekitaldian izandako parte-hartzean Bilbao Zero2 ekimenak Euskadiko Energia Klusterreko enpresetan eta bereziki ETEetan izan duen eragina, Udal Arloetako arduradunekin harremanetan jarri eta haien kezkak zuzenean ezagutzeko eta enpresen gaitasunak eta soluzio teknologikoen eskaintza aurkezteko eman dien aukeragatik.
Bestalde, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko Zinegotziak garrantzitsutzat jo zuen “talentuarentzat erakargarria den hiria eraikitzen jarraitzea, teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustu eginez, lankidetza estrategikoak sustatzen dituzten proiektuen bitartez”.
Hitz gakoa
Berrikuntza
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com