Bilatzailea :
Menura itzuli
17 Abe 2021
Euskadiko Energia Klusterraren Energia Eolikoaren Foro Sektoriala abenduak 17an bildu da, Siemens Gamesak koordinatuta, sektore eolikoko 85 pertsona eta 50 enpresa baino gehiago erakarri dituelarik. Saioa formatu presentzialean egin da Bilboko Portuko Ekitaldi Aretoan, izan ere, eragile hau giltzarrizkoa da sektorea Euskadin garatzeko, eta jardunaldiaren barruan, bisita egin diete Saitec Offshore Technologies enpresaren DemoSATH plataforma flotagarria eraikitzeko abian dauden lanei.
Saioari hasiera eman dioten aurkezpenetan, offshore sektore eolikoaren nazioarteko hedapena aztertu da, baita euskal balio-katearekiko lotura ere, hiru erakunde trakziogileren eskutik (Siemens Gamesa, Iberdrola eta RWE), merkatu horren inguruko aurreikuspen onak bistaratuz eta euskal enpresentzat dauden askotariko nazioartekotze-aukerak nabarmenduz. Bestalde, Energia Klusterrak bertaratutakoekin partekatu ditu 2022ko apirilean antolatuko den WindEurope Annual Event Bilbao 2022 Europa mailako erreferentziazko ekitaldiari begira aurreikusitako jarduerak, datorren urtean Estatu Batuetara, Frantziara eta Koreara aurreikusita dauden beste misio batzuen egoera eguneratzeaz gain.
Saioaren bigarren blokean, berrikitan iragarri den Energia Berriztagarrien, Hidrogeno Berriztagarriaren eta Biltegiratzearen PERTEaren (Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoa) ikuspegia aztertu da, izan ere, ikuspegi horrek itsas-energia eolikoa nabarmentzen du energia berriztagarrien barruan, euskal industriari berealdiko aukera emanez. Ondoren, Siemens Gamesak Next Generation EU funtsetara aurkeztu dituen proposamenak partekatu ditu, eta sektorearentzat interes berezia duten I+G arloko hiru proiekturen aurrerapenarenak aurkeztu dira: WATEREYE (H2020), FLOAT&M (HAZITEK) eta NEOMAT (ELKARTEK).
Jardunaldiaren ondoren, Saitec Offshore Technologies enpresaren DemoSATH prototipoa bisitatu dute. Espainiako sarearekin konektatuta dagoen Espainiako lehen itsas aerosorgailu flotagarria da. Horren eraikuntza, eragiketa eta mantentze-lanei buruzko datuak bildu eta egiazko ezagutza lortzea da proiektuaren helburua, eta horretarako, hiru urte eta erdiko epea aztertuko dute, lehenengo 18 hilabeteetan diseinua eta eraikuntza aztertuz eta ondorengo bi urteetan eragiketa-lanak.
Saitec Offshore Technologies-ek eta RWE Renewables-ek elkarren artean abiarazi dute proiektu pilotu hau, 2022an SATH teknologia erabiliz Euskal Herriko kostaldean itsas-aerosorgailu bat probatzeko asmoz. Prototipoak 2 MWeko turbina izango du, 30 metroko zabalera eta 64 metroko luzerarekin. BIMEP saiakuntza-plataforman instalatuko da, euskal kostaldetik 2 itsas-miliara, 85 metroko sakonera duen kokapen batean. Katez eta zuntzez osatutako lerro hibridoak erabiliko dira ainguratzeko. Energiaren Euskal Erakundeak, Bilboko Portuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako babesak energiaren arloko euskal estrategiarekin bete-betean lerrokatutako ekimen honen garapena erraztu du hasiera-hasieratik.
Hitz gakoa
Teknologia
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com