Bilatzailea :
Menura itzuli
29 Ots 2024
José Ignacio Hormaeche Euskadiko Energia Klusterreko zuzendari nagusiak “Elektrizitate-sareak eta industria-eskaerarekin nahiz Trantsizio Energetikoarekin duten lotura” izenburuko eztabaida-mahaian parte hartu zuen, El Correok eta Trantsizio Energetikorako Elkarteak (ATE) otsailaren 28an El Correoren Bilboko erredakzioan antolatutako jardunaldian. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak inauguratutako jardunaldia hau zuzenean eman zuten “streaming” bidez El Correoren kanalean.
Jardunaldiaren helburua elektrizitate-sareen egungo egoera aztertzea zen, energia-trantsizioaren erronkei erantzuteko mugapenak barne (sortutako energia berriztagarriaren ebakuazioagatik nahiz kontsumoak elektrifikatzeko dagoen eskari gero eta handiagoagatik), identifikatutako oztopoak eta “botila-lepoak” gainditzen lagunduko duten ekonomia eta erregulazio arloetako neurri zehatz eta eraginkorrak proposatzeaz gain.
Lehen eztabaida-mahaian egindako hitzaldietan, Euskadiko Energia Klusterreko Zuzendariak giltzarrizko mezutzat nabarmendu zuen “trantsizio energetikoa, orain eta 2030era arte, elektrizitate berriztagarriaren hazkundearekin nahitaez lotzeko premia, sorkuntzan (eolikoa eta eguzki-energia fotovoltaikoa) zein energia-kontsumoan”, eta horren harira, presazkoa eta premiazkoa da elektrizitate-sareen gaitasuna handitzen eta hobetzen lagunduko duten inbertsioak sustatzea. Euskadik energia-trantsizioari begira gainditu beharreko erronkarik handiena energia-kontsumoan intentsiboak diren industriak deskarbonizatzea da, haren hitzetan, eta kontsumo horien elektrifikazioak (erregai fosilak zuzenean ordezkatuz edo hidrogeno berdearen bidez) berebiziko garrantzia izango du. Era berean, ekonomiaren elektrifikazioak elektrizitate-sareen balio-kateko euskal enpresei ekarriko dien aukera handia azpimarratu zuen; izan ere, Euskadin ekipo eta sistemen horniketan diharduten enpresa ugari daude, nazioarteko merkatuetan oso lehiakorrak eta posizionamendu ezin hobea dutenak.
Lehen eztabaida-mahai honetako partaide izan ziren, halaber, Alex Belaustegi, Ingeteameko Garapen Korporatiboko zuzendaria; Guillermo Ammann, Velatiako lehendakaritzaren albokoa; eta Esther Martínez Arroyo, PwC-ko Energia arloko arduraduna. Jardunaldiko bigarren mahaia, eskariari eta operadore nahiz administrazioen erregulazio-arloko erronkari eman beharreko erantzuna ardatz, Manu Álvarez El Correoko Ekonomiako erredaktoreak moderatu zuen, eta bertan izan ziren Antonio González Urquijo, Red Eléctrica de España-ren Ipar Eskualdeko ordezkaria; Javier Arriola, Iberdrola Distribución Electrica-ren Ipar Eskualdeko ordezkaria, eta Mikel Amundarai, Eusko Jaurlaritzako Industriako sailburuordea.
Hitz gakoa
Teknologia
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com