Bilatzailea :
Menura itzuli
1 Mar 2024
Birkarga Elektrikoaren Foro Sektorialaren lehen topaketa otsailaren 29an egin zen Bilbao Exhibition Centren (BEC). Balio-kateko enpresa eta erakundeen 30 ordezkarik baino gehiagok parte hartu zuten, eta mugikortasun elektrikoari buruzko ikuspegiak partekatzeaz gain, lankidetza bidezko proiektuen laguntzaz gauzatu beharreko hainbat erronka teknologiko planteatu zituzten.
Jose Ignacio Hormaechek Euskadiko Energia Klusterreko zuzendariak ongietorria eman eta atzera begiratzeari ekin zion. Gogoratu zuenez, Zuzendaritza Batzordeak iaz onartutako Energia Klusterraren 2023-2026ko Plan Estrategikoak (EKPE 2026) Birkarga Elektrikoaren Foro Sektoriala abian jartzea proposatzen du, eremu horretan interesa edo partaidetza duten elkartekideen artean lankidetza bidezko jarduerak dinamizatzeko asmoz.
Sektorearen gaurkotasunari buruzko hurbilketa egin ondoren, Ainhoa Garmendiak, Iberdrolaren izenean, mugikortasun elektrikoaren aldeko apustua azpimarratu zuen, eta Foro Sektorialaren koordinatzailea den aldetik, konpainiak esku artean darabiltzan erronka nagusiak azaldu zituen, baita birkarga-sarea hedatzeko abian dituen jarduerak ere.
Jarraian, topaketan bost “pitch” aurkezpen egin ziren birkarga elektrikorako teknologia eta zerbitzuen garapen, fabrikazio eta banaketarekin lotutako bost enpresa elkartekideren eskutik: Veltium, Ingeteam, Ibil, Carlo Gavazzi eta Batura Mobile.
Aurkezpen horietan, antzeko mezuak zabaldu zituzten produktu eta zerbitzuen interoperabilitateari buruz eta erabiltzaileek birkarga-guneetara izan beharreko irisgarritasunaren garrantziari buruz. Enpresek beren-beregi nabarmendu zuten bezeroei eta birkarga-azpiegituren erabiltzaileei mantentze eta laguntza zerbitzuak 24/7 eskaintzearen garrantzia, baita erabiltzaileekiko informazio-fluxua erraztu eta informazioaren monitorizazio eta kontrola ahalbidetuko duten teknologiak sartzearen garrantzia ere.
Kafearen eta networking-tartearen ondoren, MUBILek Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako #MubilHub ekimen publiko-pribatua aurkeztu zuen, Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloko eragile garrantzitsua bihurtzea xede duena. Bestalde, Monica Alday FICOBAko zuzendariak, apirilaren 17 eta 18an Ficoban (Irun) antolatuko den MUBIL Mobility Expo azokaren azken berritasunak eman zituen ezagutzera.
Topaketaren azken zatian, Euskadiko Energia Klusterrak Energibasquen (Energiako Garapen Teknologiko eta Industrialerako Estrategia) zehaztutako mugikortasun elektrikoaren arloko ildo teknologikoak aurkeztu zituen, eta ildo horietatik abiatuta, solasaldia dinamizatu zuen bertaratutakoen artean, urtean bultzatu beharreko I+G arloko balizko lankidetza-ildoen inguruan.
Hitz gakoa
Teknologia
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com