Bilatzailea :
Menura itzuli
8 Mar 2024
Martxoaren 8an, European Hydrogen Energy Conference (EHEC) delakoaren barruan, EKARRIH2 “Hidrogenoa eramaile likidoen bitartez garraiatzeko funtsezko teknologiak” proiektuaren emaitzak transferitzeko tailerra egin zen, eta ikerketaren emaitzetan interesatuta dauden estatuko zein nazioarteko erakunde ugarik parte hartu zuten.
Hidrogenoaren balio-kateko 22 erakunderen 40 ordezkari baino gehiago partaide izan zituen EKARRIH2 proiektuaren itxierako jardunaldiaren hasieran, Euskadiko Energia Klusterreko Marcos Suarezek ongietorria eman eta Tecnaliako Fran Fernandezek EKARRIH2 proiektuaren nondik norakoak laburbildu zituen.
Jardunaldiko lehen hitzaldian, Exolum-eko Miguel Martínez de Aguirrek dagokien testuinguruan azaldu zituen hidrogenoa garraiatzeko dauden moduak: hodiak eta hidruroak edo eramaile likidoak. Azken hauen artean, Miguelek amoniako-eramaileak eta hidrogeno-eramaile likido organikoak (LOHC, ingelesezko siglen arabera) izan zituen ardatz. Esparru honetan dauden alternatiba teknologikoek abantailak eta eragozpenak dituzte, eta horrek esan nahi du etorkizunean hidrogenoa garraiatzeko aukera desberdinak koexistituko direla egoera bakoitzaren premia espezifikoen arabera. Exolum-en hitzaldiak eztabaida laburra ireki zuen bertaratutakoen artean, segmentu honek etorkizun hurbilean izango duen bilakaerari buruz.
Proiektuko bazkideek bi urteko ikerketan lortutako emaitzak ezagutzera emateko aukera izan zuten. Teknikerreko Marta Hernaizek hidrogeno-eramaile likidoak bezalako egitura sortu berriak ebaluatu eta karakterizatzeari ekin zion. Ikerketan, bi familia proposatu eta ebaluatu dira: silizioan oinarritutako egiturak, Teknikerrek aztertuak, eta likido ionikoak, CIC energiGUNEren eskutik.
CIDETECeko Francisco Alcaidek hidrogenazio/deshidrogenaziorako teknologia elektrokimikoen arloan lortutako emaitzak aurkeztu zituen. Prozesu elektrokimiko hauek hainbat abantaila dituzte: hautakortasuna, ingurumenarekiko errespetua, funtzionamendu-baldintza leunak eta segurtasuna.
UPV/EHUko Laura Barriok, berriz, LOHCetan lortutako emaitzak aurkeztu zituen hidrogenazio/deshidrogenaziorako teknologia kimikoei dagokienez. Ikerketan, hidrogenaziorako erreaktore katalitikoak eta osagaiak garatu eta karakterizatu dituzte.
Jardunaldi osoan, bertaratutakoek, jorratutako gaien inguruko interesak eta iritziak partekatzeko aukera izan zuten. Jardunaldian parte hartu zuten enpresen artea, Air Liquide, Ceit, Exolum, Mitsubishi Corporation, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Tamoin eta Tres Sesenta Gases nabarmen daitezke.
EKARRIH2 proiektua Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Elkartek 2022 Programak finantzatu du. Tecnalia buru duen partzuergoak CIC energiGUNE, Cidetec, Petronor Innovación, Tekniker eta UPV/EHU ditu partaide, baita Euskadiko Energia Klusterra ere.
Hitz gakoa
Teknologia
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com